Uharte Arakilgo 39. Artzain Eguna arrakastatsua izan da
Uharte Arakilen 39. Artzain Eguna Artzain Txakurren Lehiaketak bezalaxe egin zuten atzo, eta aldi berean, 25. Gazta Lehiaketa ere izan zen. Eguraldia lagun, milaka izan ziren egun osoan Sakanara bertaratu ziren pertsonak, baina nola ez, arratsaldeko Artzain Txakurren Lehiaketa ofiziala izan zen jenderik gehien erakarri zuena. Azkenean, Antonio Alustizaren Txiki izan zen garaile.
UHARTE ARAKIL
Aurreko eguneko euri eta ekaitzak alde batera utzita, udako eguzki sendoak ere ez zuen Uharte Arakilgo urteroko hitzordu garrantzitsua galdu nahi izan atzo. Horrek, era berean, hainbat eta hainbat lagun mugiarazi zituen 39. Artzain Egunera, eta herriko kale eta plazak jendez lepo izan ziren beste behin. Aukera ezin hobea zen, eta Jose Mari Ustarrotz antolatzaileak egun batzuk lehenago GARAri eginiko adierazpen batzuetan azaldu zuen moduan, artzaintzari gorazarre egiteko eguna izateaz gain, lagun zaharren topaleku ere izan zen atzoko eguna; nonahi entzun zitezkeen «Kaixo aspaldiko!», «Bizi al haiz?» eta antzeko esaldiak. Ustarrotzen arabera, Uharteko Artzain Eguna (abuztuko azken igandean egiten da) izango da ziur aski artzain askok lanik egiten ez duten urteko egun bakarra, eta hori giroan nabari da. Halako egun batek behar dituen elementu guztiak biltzen zituzten atzo Uharte Arakilgo kaleek: zurezko eta larruzko produktuen saltokiak, artilezko produktuenak, harrizkoenak, joare eta antzekoenak, talogileak, euskal artzain txakurren eta Pirinioetako txakur arraza autoktonoen erakusketa, eta nola ez, gazta dastatu eta saltzeko salmahaiak. Dena ez zen jatea, ordea, eta eztarria freskatzeko aukera paregabea ere eskaintzen zuten bai herriko tabernek, bai Nafarroako ardoak eta bai sagardorik freskoena Uharte Arakilen bildutako milaka lagunen eskura jartzen zuten postuek ere. Horretaz guztiaz gainera, trikitilariek eta Iturengo joaldunek erritmoz, musikaz eta, azken batean, jai giroz hornitu zuten giroa.
Lehiaketak nagusi
Denok dakigu, bestalde, euskaldunok oso lehiazaleak garela eta atzokoa bezalako egun handietan ere ezin da lehiarik falta; are gehiago, lehiaketak dira artzain egun guztien bereizgarriak.Guztietan entzutetsu eta ospetsuena Artzain Txakurren Lehiaketa da, eta atzo Geinbera zelaian jokatu zen saioan Antonio Alustizaren Txiki izan zen garaile. Hark Oñatiko Nazioarteko probarako sailkapena lortu zuen, baita bigarren sailkatuarekin, Jorge Oteizaren Labritekin batera irailean Durangaldean jokatuko den Euskal Herriko finalerako txartela ere. Esan beharrik ez dago, goiz osoan makina bat jende ibili zen herrian zehar jarritako postuak ikusten, produktuak erosi, jan eta edaten, edo lehiaketak ikusten, baina arratsaldeko hitzordu horrek ere ikusmin ikaragarria sortzen du, eta Geinbera barrutia jendez lepo egon zen beste behin. Jende andana erakarri zuen goizean ere Uharte Arakilgo frontoi irekian jokatu zuten Nafarroako 19. Ardi Mozte Mekanikoaren Txapelketak. 27 parte hartzaile izan ziren lehiaketan guztira, eta ez denak Euskal Herrikoak, gainera. Tartean izan ziren estatu espainol eta frantseseko ordezkariak ere, eta iaz jokatutako 18. txapelketa gogora ekarriz gero, garaipena zeelandaberritar batek lortu zuela ohar gaitezke. Aurtengo garailea, berriz, Valladolideko Melquiades Hidalgo izan da, 1998ko txapeldun bera. Bigarren postuan Etxaguengo Enrique Paesa sailkatu zen eta Usungo Iñigo Punzel hirugarrenean. Hiru horiekin batera probako azken finala jokatu zuena lehiaketa horretan lehen aldiz parte hartzen zuen Paco Gonzalez valentziarra izan zen. Ardiki Gisatuaren Lehiaketa ere jokatu zuten atzo, eta dastatze zail baten ondoren, epaimahaiak Iruñeko Gazteluleku elkarte gastronomikoa jo zuen garaile. Txapelketa horretako irabazle izan zen elkartearen atzetik, iazko garaile Napardi elkartea, 2004ko irabazle Hartzabal elkartea eta Uharte Arakilgo Aralar Mendi elkartea sailkatu ziren.
Hogeita bosgarren urteurrena
Artzain Txakur Lehiaketaren eta Artzain Egunaren beraren 39. urteurrena zen arren, Nafarroako Ardi Latxa Gaztaren Txapelketak zilarrezko ezteiak ospatu zituen atzo, 25. txapelketa egin baitzuten. Horrela, Artzain Txakurren Lehiaketarekin batera, horixe izan zen atzo jokatutako lehiaketarik garrantzitsuenetakoa.Lehiaketa horretan ere epaimahaia osatzen zuten sukaldari, kazetari eta Idiazabal jatorri izendapeneko kideek lan neketsu eta gogorra egin behar izan zuten gazta irabazlea zein izango ote zen erabakitzeko. Azkenean, beste hainbat sari lortu arren txapelketa horretan behin ere irabazle izan ez den Ricardo Remiro eulatearra izendatu zuten txapeldun. Haren atzetik sailkatu ziren Angel Lizoain Iragikoa, Manuel Bengoetxea urdazubiarra, Ibarrola Unanuakoa, Javier Martiarena uhartearra eta Miguel Angel Iriarte abartzuzarra. Gogoratu beharrekoa da, bestalde, sei horietaz gain, hurrengo lau sailkatuek ere datorren urrian Bilbon izango den Euskal Herriko finalerako sailkatzea lortu zutela. Baina gazta onena egin duena nor den jakiteaz gain, gazta horren erdi bat nork baina batez ere zein preziotan erosten duen ezagutzea ere oso gustuko du jendeak. Lehiaketa irabazi zuen gaztaren erdiak enkantean prezio altuagoa lortzen du urtetik urtera, eta atzo ere joera hori berean mantendu zen. Iruñeko Alhambra eta Garesko El Peregrino jatetxeek izan zuten lehia estuaren ondoren, gazta erdia Nafarroako hiriburura joan zen. Amaieran, 3.900 euro ordaindu zituen Alhambra jatetxeko jabeak gazta erdiarengatik, iaz Faltzesko Iñurrieta ardandegiko nagusiak ordaindu zuena baino 240 euro gehiago. Eguna «bikaina» izan zen Jose Mari Ustarrotz antolatzailearen arabera, eta nekatuta amaitu arren, emaitzarekin oso pozik zegoela adierazi zuen.
Emakume gaztagileen lana omendu du artzaintzak
I. I.
UHARTE-ARAKIL Euskal Herri osoan dugun panoramari begiratuta, oso gaztandegi gutxi dago gaur egun emakumeen izenean, baina hala ere, horiek egiten duten lana garrantzitsua bezain ezinbestekoa da, bai gazta egiteko prozesu osoan zehar, bai abeltzaintzan, bai baserrien mantenu eta biziraupenean. Horiek izan ziren, hain zuzen, Aralar Mendi elkarteko kideek gogoan izan dituztenak aurtengo Artzain Egunean emakume horiei merezi duten omenaldia egiteko. Omenaldi bakar bat egiteko denak elkartzea ezinezko lana denez gero, ekimen horren bultzatzaileek ordezkaritza bat hautatzea erabaki zuten. Hori dela-eta, Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzeko ordezkari bana deitu zuten atzo Uharte Arakilera Aralar Mendiko elkartekoek: arabar bat, bizkaitar bat, gipuzkoar bat eta nafar bat. Aukera hori probestuz, gainera, beste bosgarren bat ere omendu zuten: Uharte Arakilgo artzain egunean, hainbat eta hainbat sari jaso dituen Jesus Mari Balda artzain eta gaztagilearen emaztea, Jose Mari Ustarrotz antolatzailearen esanetan, «berak ere zerikusi handia izan baitu senarraren lorpen eta sari guztietan». Banan-banan elizako ate aurreko agertokira deitu eta ikusle guztien txalo artean kaiku bat jaso ondoren, aurreskua dantzatu zieten bost omenduei. Bertaratutako guztiek txalo zaparrada beroa eskaini zieten omenduei, eta horrela, urte luzeetan gaztagintzaren, artzaintzaren eta euskal baserriaren alde emakumeek egin duten, egiten duten eta hemendik aurrera ere egingo duten lana eskertu zuten.
|