Amaitu da amesgaiztoa Kongon haurrak adoptatu dituzten familientzat
Iritsi zirela sinetsi ezinik eta senitartekoen eta lagunen agurrak jasoz. Hogeita hiru egunez Enbaxada espainolak euren adopzio prozesuei jarritako trabak zirela-eta Kongotik irten ezinik egon diren zazpi familietako sei atzo iritsi ziren. Tartean ziren Javier Segurado urnietarra bere seme Eric-ekin eta Maria Jose Altuna azpeitiarra Michelekin.
BARTZELONA Kongo-Brazzavillen haurrak adoptatu eta Enbaxada espainolak jarritako trabak zirela medio etxeratu ezinik ibili diren zazpi familietako sei tartean bi euskaldun atzo iritsi ziren azkenik Bartzelonako aireportura. Zazpigarren familia, berriz, ostiralean iritsi zen.
Turista bisatuarekin etxera
Arazoarekin abuztuaren 10ean egin zuten topo, astebetez euren seme-alabekin egon ostean Bartzelonara bueltan etortzeko enbaxadara bisatu bila joan zirenean. Hark ukatu egin zien eta bi aste luzez itxaron behar izan dute Kongo Brazzavilletik irteteko. Azkenean, eta diplomazialariek esku hartu ostean, haurrak turista bisatu batekin irten dira. Datozen egunetan egin beharko dituzte egoera normaltzeko egin beharreko tramiteak.Lur hartu bezain pronto, familiartekoen besarkada artean oraindik ere, Kongon bizi izandako une latzen berri eman zuten. Bederatzi hilabete dituen Eric mutikoaren aitak, Javier Segurado urnietarrak, Enbaxadak familiei eskaini dien tratua «krudela» izan dela adierazi zuen. Bere esanetan, euren kasuak komunikabideetan oihartzunik izan ez zuen bitartean ez zieten jaramonik egin eta galduta aurkitzen ziren, gero eta istilu gehiago bizi dituen Estatu batean. «Gure bizitzako asterik onena igaroko genuelakoan joan ginen eta azkenean hiru astez luzatu den eta estutasuna, etsipena eta ziurtasun eza nagusitu diren egoera bizi izan dugu. Gure semerik gabe buelta gintezen saitzen ari ziren, guk gero eta harreman estuagoa genuen arren», jakinarazi zuen.
Iritsi da gozatzeko unea
Kementsu egon direla aitortu arren, gogoan zituen etsipen uneak. «Uneren batean bertatik atera eta egoera legeztatzeko itxaropena ere galdu genuen», azaldu zuen, eta honakoa gaineratu: «Estatu hartan haurra gurea zen, arazoa zen Enbaxadak ez zuela ezagutzen».Arazoak arazo, Javier Seguradok Mar Codó emaztearekin batera Eric txikiari euren etxea erakusteko parada izan zuen atzo. Aukera bera zuen Maria Jose Altuna azpeitiarrak ere, azkenean etxeratu baitu Michel.
«Existitzen ez diren paperak eskatu dituzte»
GARA
BARTZELONA Kongoko Haurren Adopziorako Elkartea (ADIC) Atzerri Arazoetako Ministerio espainolak egindako akusazioen aurrean defen- datu zen eta izan diren zailtasunak «estatu eta autonomia erakundeen eskuduntza arazoak direla-eta» gertatu direla nabarmendu zuen. Ministerio espainolak adopzio espedienteetan «akats larriak» zeudela adierazi zuen larunbatean. ADICek, baina, «lehen unetik adopzio prozedura guztiek estatuetako lege izapide guztiak betetzen zituztela» adierazi zuen atzo, ia hilabetez guraso batzuk Kongon geldiarazteko inolako arrazoirik ez zegoela gaineratzearekin batera. «Lana zaildu du» Euren esanetan, Enbaxadak bere funtzioen muga gainditu du eta «ez du elkartearen lana erraztu, guztiz kontrakoa baizik». ADICek salatu zuenez, Enbaxada frantsesak «hiru edo lau ziurtagiri zehatz eskatzen ditu» eta, Enbaxada espainolak, aldiz, makina bat dokumentu eskatzen ditu, «baita existitzen ez direnak ere». Horrek guztiak, elkartearen ustez, agerian jartzen du adopzioen gainean Enbaxa- da espainolak duen erabateko ezjakintasuna».
|