-Harri Txikien Txapelketa -
Joseba Ostolatzak gogotik lan eginda lortu du Euskal Herriko txapela
·Aimar Irigoienek ere lan bikaina egin zuen, baina ezin izan zuen zestoarra gainditu
LAKUNTZA
Joseba Ostolatza zen EuskalHerriko Harri txikien txapela janzteko hautagai nagusia, eta zestoarrak ez zuen hutsik egin, berak eraman baitzuen garaipena. Aimar Irigoien zen bere aurkaririk handiena, eta horrelaxe izan zen, lan asko eman baitzion Ostolatzari, nahiz eta errezildarrak bigarren amaitu zuen.Jende dezente batu zen Lakuntzan finala zuzenean ikusteko asmotan. Kirolari bakoitzak 100 kiloko bola, 112,5eko kubikoa eta 125eko zilindroa eta errektangularra erabili behar izan zituen. Bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, hiru minutu izan zituzten. 125 kiloko harri errektangularrarekin hasi ziren lanean, eta hor ezer erabaki gabe geratu zen, txapela lortzeko bi faboritoak, Irigoienek eta Ostolatzak, 29na jasoaldi eman baitzizkioten. Zestoarra zilindroarekin hasi zen, ordea, tartea zabaltzen. 32 jasoaldi eman zizkion, eta bi gutxiago Irigoienek. Ostolatzak 250 kiloko aldea kendu zion, eta gauzak zaildu egin zizkion errezildarrari. Jarrian, 112,5eko kubikoa etorri zen, eta hor beste jasoaldi bat kendu zion Ostolatzak. 21 jaso zituen, eta bat gutxiago errezildarrak. Azkenik, 100 kiloko bolaren txanda zen, eta zestoarrak 23 jasoaldi eman zizkion, eta bi gutxiago errezildarrak. Horrekin, batera, Euskal Herriko harri txikien txapela segurtatu zuen. Ostolatzak lan ona egin zuen, baita Aimarrek ere. Errezildarrak, ordea, belaunean arazo batzuk ditu, eta horrek ez dio lanak berak nahi bezala egiten uzten, eta orain garai txarra dauka atseden hartzeko, erakustaldi eta torneo asko baitaude. Bi kirolari horiek izango dira udazkenean jokatuko duten Harri Handien Txapelketako faboritoak ere. Hirugarren posturako borroka gogorra izan zuten Larretxeak eta Urpek, baina Arantzako kirolari beteranoak lortu zuen hirugarren postua. Bizkaitarrak hiru jasoaldi kendu zizkion errektangularrarekin, 24 eman baitzizkion, eta 21 Larretxeak, baina gero, Arantzakoak seiko aldea kendu zion kubikoarekin eta zilindroarekin, eta hirugarren postua segurtatu zuen. Bosgarren posturako Agirre gazteak ez zuen eragozpenik
izan. 18 urteko bizkaitarrak bere lana egin zuen, eta azken postutik ihes
egiteko modua egin zuen. Igoa nafarrak, aldiz, ezin izan zuen azkeneko lekua
utzi, eta hortxe amaitu zuen, postu horretan ibili baitzen hasieratik
bukaerara.
|