- Berezkoak (Itsasuko Torneoa)
Aranburu eta Saint Esteben, txapeldun
ARANBURU - ST. ESTEBEN
40 AGERRE - J.C. DERMIT 34
DONOSTIA
Aranburuk eta Saint Estebenek eraman zuten atzo Itsasuko Torneoa, partida eder bezain estu baten ostean. Agerre eta Jean Claude Dermit aurretik aritu ziren ia partida osoan, baina azkeneko kintzeak oso luzeak egin zitzaizkien, eta amaieran ezer gabe geratu ziren.Agerre itsasuarra izan zen finaleko onena. Herrian aritu zen, baina urduritasunik ez zuen nabaritu. Istripu larri baten ostean bi urte egon da pilotan jokatu ezinik, eta sasoirik onena harrapatu du. Ikaragarrizko neurketa egin zuen, baina amaierarako nekeak jo zuen, eta amaiera oso luzea egin zitzaion. Egoera hori ederki aprobetxatu zuten Aranburuk eta Saint Estebenek. 33-33 berdinduta egon ostean, gero txapela jantzi zuen bikoak ez zuen barkatu. Pilota aurrean jokatzen hasi ziren, Agerre ezinean aritu baitzen. Amaieran 7-1eko partziala lortu zuten Aranburuk eta Saint Estebenek, eta azkenean Itsasuko txapela lortu zuten.
Eskiulako Torneoa
Eskiulan, bertako Torneoko finala jokatuko dute gaur ilunabarrean. Hegiapal-Ezkurra II.a. bikotea Ezkurra I.a-Lanbert bikotearen aurka neurtuko dira. Lehen bikoa aterako da garaipena eskuratzeko faborito. Hala ere, partida erakargarria izango da. Hegiapal zuberotarra herrialdeko onena ikusi daiteke, besteak beste.
|