Unai ARTETXE
DONOSTIA
Mikel Bellosok atzo egin zuen estreinaldia profesionaletan. Zaila izaten da aurreneko neurketan gauzak ondo egitea, baina 21 urteko tolosarrak partida txukuna jokatu zuen, baita hogeita bira iritsi ere.
Oier Mendizabal izan zen aurrelari gipuzkoarraren atzelaria, eta hasieran oreka nagusi izan bazen ere, berehala aurrea hartu zuten urdinek. Azkenean, gainera, nahiko erraz lortu zuten garaipena Bellosok eta Mendizabal II.ak, Beloki II.a eta Urrizelki 15 tanto egiteko gai baino ez baitziren izan partida kaskar batean.
Belloso izan zen norgehiagokako jokalaririk onena. Bederatzi tanto egin zituen Tolosako pilotariak bost sakez, bi dejadaz, eta txapa gainean moztuz eta atzean bana, eta pilotakada bakarra galdu zuen.
Afizionatu mailan erakutsitakoa berretsi zuen atzo gipuzkoarrak. Bi esku on ditu, pilota atzean jartzeko abilezia eta aurrean tantoa amaitzeko ausardia. Pilotari abiadura handia ematen dio, baina oraindik ere erritmoa falta zaio.
Berarekin batera aritutako beste hiru pilotariek ez zuten espero zen maila eman. Mendizabal II.a ondo ari da udan, baina atzo ez zuen neurketa ona jokatu. Gorriek, berriz, aurrean zein atzean huts gehiegi egin zituzten. Urrizelkik, esate baterako, bederatzi pilotakada galdu zituen, eta bost sake utzi zituen eraman gabe.
Jaialdiko partida nagusian, aldiz, Bengoetxea VI.ak eta Peñagarikanok 22-21 hartu zituzten mendean Olaizola I.a eta Beloki. Neurketa txarra izan zen, eta azkenean Beizamako atzelariaren pilotakada latz bati esker erdietsi zuen garaipena bikote urdinak.
Aspek antolatutako neurketetan, aldiz, denetarik izan zen. Titin III.a eta Eulate 22-13 nagusitu ziren Ribafrechan Gonzalezen eta Goñi III.aren aurka. Peñarandan, aldiz, Xala eta Barriola gailendu ziren.