GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-01
«Elgeta» izanen da Trikitixaren Jardunaldien ardatz
Jazinto Rivas Sanz «Elgeta» izanen da irailaren 5ean, 6an eta 7an eginen diren Trikitixaren IV. Jardunaldietako protagonista. Instrumentua sustatu zuen maisuaren jaiotzaren ehungarren urteurrena dela aprobetxatuz, haren irudia eta ekarpena ezagutaraziko dituzte bi hitzaldiren eta antzerki ikuskizun baten bitartez.

DONOSTIA

«Kultur ekitaldi txikiak baina intentsitate handikoak prestatu dituzte Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoek. Harribitxiak dira», baieztatu zuen Ramon Etxezarreta Donostiako Kultura zinegotziak atzoko prentsaurrekoan. «Bi hitzaldiren eta antzerki ikuskizun baten bidez ekarriko dugu gogora Elgeta, ezagutzen ditugun soinu-jotzaile gehienen aitzindaria. Elgetan estreinatu zuten ikuskizun horretara joatera animatu nahi ditut herritarrak, benetan merezi baitu», gaineratu zuen.

Elkarteko ordezkari Agurtzane Aizpuru jardunaldiak antolatzeko arrazoiaz mintzatu zen: «Material idatzia falta zenez, bide bat baino gehiago jorratu genuen orain dela lau urte. Soinuaren Liburutegia bilduma sortu genuen, esate baterako. Orduan ekin genion jardunaldiak egiteari ere, material idatzia eta hausnarketa bultzatzeko asmoz».

Lehendabiziko urtean, soinu txikiaren lehena eta oraina aztertu zituzten zenbait mahai ingurutan eta hitzalditan; hurrengo urtean, dantza debekatuak eta, oro har, trikitiaren inguruko debekuak izan ziren protagonista; eta koplak hartu zituzten ardatz iaz.

Aurten, berriz, Jazinto Rivas Sanz Elgeta-ren partitura liburua argitaratu eta besta batean aurkeztu du, artista jaio zela ehun urte direla ospatzeko. Pertsona horrek trikitiaren munduan duen garrantzia nabarmendu zuen Agurtzane Aizpuruk, trikitia irakatsi zuen aurreneko profesionala izateaz gain, soinua bera aldatu baitzuen. Donostiarekin zuen lotura estua ere aipatu zuen: «Bertan jaio eta hil zen. Eta tartean Eibarren eta beste toki batzuetan bizitu bazen ere, daukagun grabazio bakarra ere Donostiakoa da. Aproposa iruditzen zait, hortaz, hiriburu horretako jardunaldietan ardatz izatea».

Irailaren 5ean izanen da lehendabiziko ekitaldia, “Elgeta hitzez eta doinuz” izenburukoa, 19.30ean, udal liburutegiko sotoan. Iker Goenaga soinu-jotzaileak hitzaldi musikatua emanen du eta artistak beretzat zer garrantzi duen adieraziko du: «Bitxia da musikari batek beste baten bizitzan nola eragin dezakeen. Ni jaio baino hamar urte lehenago zendu zen Elgeta, baina, hala ere, txiki-txikitatik oso gertu sentitu dut, osaba trikitilariak eta aita zenak umetatik transmititu baitidate pertsonaia bitxi horren bizimodua».

Gaur egungo jotzeko modua, Elgeta-ren garaikoa, trikitiak zuen funtzio soziala, orain duena... Hori guztia azaltzen ahaleginduko da Iker Goenaga, eta adibide praktikoak jarriz eginen du, gainera. «Gaurko jotzeko modua eskasagoa dela esango nuke, eta hori pentsatzeko arrazoiak agertuko ditut».

Hurrengo egunean, Koldo Izagirrek beste hitzaldi bat emanen du Donostiako udal liburutegiko sotoan, 19.30ean, eta 2001ean plazaratu zuen “Elgeta, sasiaren sustraiak” liburua abiapuntutzat hartuta, hausnartu eginen du: «Soinu txikiak geografia zabala du. Gurera heldu zenetik, hamaika ibili egin behar izan du. Azaldu den leku bakoitzean egokitzen jakiteak bihurtu du gaur egun dena, hala musikan nola sinbologian. Horretan Elgeta funtsezko erreferentzia dugu, eman zuenagatik eta egiteke utzi zuenagatik».

Irailaren 7an bukatuko dira jardunaldiak, ordu berean udaletxeko areto nagusian eginen duten antzerki ikuskizun batekin. Patxi Santamariak eta Inazio Tolosak Koldo Izagirreren testuetan oinarritutako obra bat interpretatuko dute. Tabernariaren eta zerbitzariaren paperean, artistaren bizitzako pasarte batzuk antzeztuko dituzte. Elgeta-ren azken ikasle Laja-ren trikiti doinurik ere izanen da tartean, Landakanda pandero-jotzaileak lagunduta.



«Estereotipo guztiak apurtu zituen»

DONOSTIA

Jazinto Rivas Elgeta-k estereotipo guztiak apurtu zituela adierazi zuen Iker Goenagak. «Adibidez, gurasoak emigranteak izan arren, bera oso ondo integratu zen euskal gizartean. Gaur egun, munduan miretsi egiten dute soinu txikia, eta bera da horren arduradun handienetakoa». Iñaki Garmendia Laja, Faustino Azpiazu Sakabi, Antonio Aranaga Auntxa... Trikitiaren munduko hainbat «mitoren» irakasle izateaz gainera, instrumentuaren goialdean bi botoi gehiago jartzea bururatu zitzaion. «Hori da, hain zuzen ere, munduan diren guztien artean gure soinu txikia bereizten duena: 23 botoi izatea eskuinean eta 12 baxu ezkerrean», ohartarazi zuen Goenagak.

«Hala moduzko bizimodua izan zuen; ikasleak dirua biltzen ere aritu ziren laguntzeko, baina ez zion jenio izateari utzi. Ez zituen inspirazioa eta ofizioa behin ere alboratu», esan zuen Ramon Etxezarreta Donostiako Kultura zinegotziak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Hondarribia, vigente campeón de La Concha, se queda fuera
Euskal Herria
«No permitimos un Guantánamo para los vascos»
Jendartea
«Incertidumbre» ante el fin del plazo para la reforma de la zona de fumadores
Kultura
Recuperan los dos cuadros robados de Edvard Munch
Iritzia
Más definición para la Ley Antitabaco
Euskal Herria
Errazti trasladará a la asamblea el debate sobre la coalición electoral
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss