Beroketa klimatikoari eta nekazaritzari buruzko foroa Ainhize-Monjolosen
AINHIZE-MONJOLOSE
Baserritarren nekazaritzaren alde Euskal Herriko Laborantza Ganberak aurkeztu duen egitasmoak nekazaritza aurreztailearen alde egiten du. Kapitala, energia eta baliabide naturalak aurreztu nahi dituen egitasmo nagusiaren barruan, barazki oliotsuen produkzio esperimental bati eman zioten hasiera udaberrian. Ura eta nekazaritza ardatz dituen lan garrantzitsu bat jarri dute abian, artoa bakarrik landatzeak uraren gainean dituen eraginak aztertzen dituena. Epe ertainera galdera honi erantzuna bilatzen saiatuko dira: zer produkzio sistemari eta ibilbide teknikori eman behar zaio lehentasuna kontuan hartuta etorkizunean uraren eskasia eta kalitatearen ahultasuna izanen dela?
Ikerketen garai honen barnean kokatzen da biharko foroa. Lurra berotzen ari dela eta klima aldatzen ari dela erakusten duen errealitatean oinarrituta nekazaritzak duen papera aztertuko dute bertan. Izan ere, laborantza bi aldetatik dago ukitua. Munduan sortzen diren gas igorpenen %20 eta %30 artean nekazaritzatik heltzen dira eta, bestalde, uraren faltak eta eguraldiaren aldaketa bortitzek eragin zuzena izaten dute nekazaritza-ustiapenean. Bi ideia horietan oinarrituta Euskal Herriak jasaten dituen eraginak eta etorkizunera begira har daitezkeen erabakiak aztertuko dituzte. Horretarako hiru hizlari izanen dira. Hasteko, Bordeleko unibertsitateko Jerome de la Noek beroketa klimatikoaren jatorria eta ondorioak azalduko ditu. 15.15ean Aturriko Arroko Uraren Behatokiko Philippe Regnacq-ek eta Laborantza Ganberako Allande Errezarretek Aturriko arroko eta Euskal Herriko ur baliabideei eta laborantzari buruz hitz egingo dute. Azkenik, nekazaritza sistema ezberdinak aurkeztuko ditu Gilles Lemaire ikerlariak.
|