Akamarreko eta Bidarteko eskolak okupatu dituzte
·Asteartean erabakiko du Akademia Ikuskaritzak lanpostuak gehituko dituen
Paueko Akademia Ikuskaritzak ikasturte hasieran izandako ikasle emendatzea kontuan hartu ez duela-eta, berrogeita hamar bat gurasok Akamarreko eskolako ikasgelak okupatu zituzten eta beste hogeita hamar batek Bidartekoak. Asteartean bilkura berezia izanen da Pauen kasu horiek aztertzeko.
BAIONA
Paueko Akademia Ikuskaritzak ekainean egin dituen lanpostu banaketetan ikasle emendatzeak ez dituztenez erabat kontuan hartu, lehen mailan irakasle lanpostu eskasiak dituzte zenbait herritan. Aurten, Akamarreko eta Bidarteko eskoletan horrelako egoera izan dute.Arazoa salatzeko, gurasoek ikasgelak okupatu dituzte eskoletan. Akamarreko lehen mailako eskola publikoko zuzendariak honakoa argitu zuen: «Laurogeita zortzi ikasle ditugu aurten, eta guztiak jasotzeko hiru gela baizik ez ditugu. Ikasgela bat gehiago eskatzen dugu». Berrogeita hamar bat guraso zeuden atzo goizean Akamarreko ikastetxean, eta euren aldarrikapenak Akademia Ikuskaritzako ordezkariari helarazteko aukera izan zuten goizean. «Bilkura izan dugu, eta ondo hartu gaituzte», nabarmendu zuen zuzendariak. Bidarteko lehen mailako eskola publikoan mota bereko ekintza egin zuten gurasoek, nahiz eta okupazioa joan den asteartean abiatu zuten. «Ekainean Paueko Akademia Ikuskaritzari 2006 ikasturteko datuak helarazi genizkion, eta hogeita hamaika ikasle gehiago izanen genituela esan genion», erran zuten. Emendatze horri begira ikasgela berri bat zabaltzeko eskatu zuten, baina ikasturtearen hasieran Akademia Ikuskaritzak ez zuela deus egin ohartu ziren gurasoak. «Bilkurak izan ditugu, baina ez dugu berririk izan», nabarmendu zuten gurasoek. Hori dela-eta, ikasgela berria lortu arte ikasgelak okupatzen jarraitzeko asmoa zeukatela esan zuten. «Hamargarren irakasle lanpostu bat eskatzen dugu. Aurten lanpostua sortzen ez bada, ondoko urtean arazo bera izango dugu, hogeita sei bat ikasle gehiago izatea espero baitugu», argitu zuten.
Batzordearen erabakia Ikasleak ikasgelan diren bitartean hogeita hamar bat gurasok ikasgelak okupatzen dituzte. Bai Akamarreko bai Bidarteko eskolak ondoko asteartean Paueko Akademiako Ikuskaritzan izango den bilkuraren beha daude.
«Asteartean lanpostu gehiago sortzeko batzorde berezia bilduko da Pauen.Ekainean finkatutako lanpostu banaketak berrikusiko dituzte eta, era berean, beharren arabera berrantolatuko dituzte», argitu zuen Akamarreko eskolako zuzendariak. Bilkura horretan, bi eskolen eskakizunak aztertuko dituzte. Tartean, Bidarteko ikastetxeko gurasoek batzorde hori prestatzeko bilkura eginen dute gaur goizean. «Akademia Ikuskaritzako ordezkariarekin bildu garelarik behar bat zegoela onartu zuen, eta, erantzuna laster ukanen genuela esan zigun. Geroztik ez dugu berririk izan», salatu zuten azkenik gurasoek.
Beste klase elebidun batzuk Baionako ikastetxeetan
BAIONA Ikasturtearen hasiera dela-eta, Baionako Herriko Etxeak herriko egoeraren berri eman zuen atzo. Bai eskola pribatuetan bai publikoetan orotara lehen mailetan 4.422 ikasle zeudela argitu ondoren, hiru ikasgela berri zabalduko zituztela jakinarazi zuten. Horien artean, Ipar Baionako Malegarie ama-eskolan klase elebiduna zabaldu dute, eta beste bi gela Brana eta Cavailles ikastetxeetako lehen mailetan. Horiekin batera, Prisse eta San-Leon eskoletan bi lanpostu kendu dituzte. Hala ere, Herriko Etxearen arabera, asteartean Paueko Akademia Ikuskaritzak eginen duen batzordearen bileran ikasgelak zabalduko dituzten aztertuko dute. «Ikasgelak itxi dituzte, baina, ikasle kopuruaren arabera erabaki hori mantentzen duten aztertuko dute. Hala eta guztiz ere, hirurogeita hamar bat etxebizitza berri egin dituzte inguru horietan, beraz, lanpostuak mantendu beharko lituzkete», argitu zuten, azkenik, Herriko Etxeko arduradunek.
|