Berriozarko jaiak
Joaldunak: hogei urtez kaleak joareekin astintzen
·Berriozarren jaiak eta kulturak indar handia dute; joaldunen taldea horren adibide da
Zubietako familia batek gazte batzuei irakatsi zienetik hogei urte pasatu dira. Hasieran bitxikeria bezala har zitekeen joaldun hura gaur egun herriko kulturan ardatz nagusietako bat da. Jai nagusi guztietan ateratzen dira, eta haurrak txikitatik hasten dira ikasten. Herrian oso errotuta daude.
BERRIOZAR
Emakumez eta gizonezkoez osatuta dago Berriozarko Zanpantzar taldea. Kide kopuru finkorik ez badago ere, gaur egun hemezortzi lagun inguru ateratzen dira, horietatik zortzi neskak. Aipagarria da bertan ia hasieratik izan dela emakumezkoen parte-hartzea, eta horretan lehenengo taldea izan dela. Txikien taldea ere badago, lau eta hogei urte bitartekoak biltzen dituena. Olentzero egunean, inauterietan eta herriko jaietan ezinbesteko parte-hartzea dute. Joaldunak inauterietako pertsonaia bezala ezagutzen badira ere, hemen jai garrantzitsu guztietara zabaldu dute euren ekitaldia, eta horietako osagai garrantzitsu bihurtu dira, gainera. Kanpora ere ateratzen dira; adibidez, Katalunian egiten den Euskal Asteko ospakizunetara urtero joaten dira. «Altsasuko dantzariak eta gu beti deitzen gaituzte. Hango landetxe batean biltzen gara, eta oso giro polita sortzen da», kontatu du Marisa Bayo joaldunak. Bertze hainbat herritatik ere izaten dituzte jaietan parte hartzeko deialdiak. Aurten hogei urte betetzen dituztela-eta, Berriozarko
Egunaren ospakizunean parte hartu dute. «Egitaraua egina zegoela aprobetxatuz,
arratsaldean talde ezberdinekin geratu eta herri osoa hartuko zuen ibilbide bat
prestatu genuen. Ondoren, denok Eguzki plazan elkartu ginen, eta jendetza
izugarria bildu zen. Gaur egun jada ez dauden kideak ere atera ziren, taldearen
sortzaileak izandakoak. Dantzariek ere beraien ekitaldia egin zuten. Oso polita
izan zen», azaldu du Ainara Nasar taldekideak.
Euskal Herrian taldeak ugarituz
Herrialde guztietan dago talderen bat, eta horren harira sortu zen Euskal Herriko Joaldunen Batzarra. Urtero ospatzen dute beraien eguna, eta aurten Berriozarren egin dute, urtemuga zela-eta. Nafarroan Irurtzun, Lizarra, Uharte, Atarrabia, Antsoain eta Iruñeko Donibanen, Sanduzelain eta Arrosadian daude taldeak. Alde Zaharrean ere ateratzekotan omen dira. Elkarren artean oso harreman ona dutela nabarmendu dute; bai materiala trukatzeko eta bai talde zaharrek berriei irakasteko ere.Jaiei begira, azkenik, lehenengo egunean udaletxeak aipamen berezia egin zien opari batekin, eta gaur, ohitura den bezala, kalejiran aterako dira guztiak. Taldeko bi partaideek herrian dagoen kultura indartsua goraipatu dute. Gehitu dutenez, talde ezberdinak aspalditik dabiltza gauzak antolatzen, eta elkarren artean harreman handia dute.
Jarduera «erraza» baina taldeentzat garestia
BERRIOZAR Marisak aipatu duenez, ez da zaila taldea bildu eta ateraldiak egitea. Behin ikasiz gero, ez dago entsegu beharrik eta erraza omen da. Dena den, bertze motatako zailtasunak ditu: «Lan handiena ematen duena materiala eskuratzeko diru-laguntzak lortzea da. Orain talderako materiala biltzea lortu dugu, eta horrela norberak ez du gasturik izaten, baina hasi zirenek euren jantziak erosi behar izan zituzten. Batentzako jantziak 600 euro inguru balio ditu». Ainarak jantziaren ezaugarriak eta osagaiak azaldu ditu: «Tunturrua, alkandora zuria, zapia, ardi larrua, joarea, gona edo saia, praka urdinak, galtzerdi lodiak eta abarka beltzek osatzen dute jantzia, eta eskuetan isopoa eramaten dugu. Tunturrua guk egiten dugu, kartoi, oihal eta zintekin». Marisak, berriz, zera gaineratu du: «Zinta hauek erosi egiten dira, baina duela gutxi hil da horiek egiten zituen artisaua, eta zailak dira lortzen. Joareak ere artisau lana dira, eta oso garestiak dira». Izenei dagokienez, zanpantzarra joareekin ateratako zarata dela argitu du. Joaldunak, berriz, zarataren eragileak dira, joareak astintzen dituztenak. Taldean giro jatorra dutela nabarmendu du Marisak: «Gure artean beti txantxetan gabiltza. Ateratzen garenetan norbaitek beti ahazten du zerbait, eta mehatxu egiten diogu: zu talde txikira!». Bestalde, kartzelan dagoen Izaskun Villanueva aipatu nahi izan dute, eta gehitu dute herrian beti oso murgilduta egon dela eta gogoan dutela. Joaldunek agur bero bat bidaltzen diote taldekideari.
|