Mamarigako jaiak
Santurtziko Mamariga auzoko jaietan arrantzak bizirik jarraitzen du oraindik
Jai-giroak Santurtziko Mamariga auzoa inguratu du. Atzo, 20.00etan txupinazoa entzun zutenetik, musikaz eta bestelako ekitaldiez bete ziren kaleak. Adinari dagokionez mugarik ipintzen ez duten jai hauetan, haurrek, gazteek eta adinekoek bat egingo dute bihar arrantzale eta sardina-saltzaileei egingo dieten omenaldian. Itsasoarekin eta arrantzarekin erlazionatutako ekintzak eta lantegiak egoteaz gain, izaera bereko museoa zabalduko dute 11.00etan.
SANTURTZI
Santurtziko Mamariga auzoan dagoneko hasi dira jaiak. Atzo hasi eta hilaren 10era arte iraungo duten jaietan, ekitaldiak ez dira falta izango, ezta parte-hartzaileak ere, adin guztietako pertsonen gustuak islatu baitituzte aurtengo jai egitarauan. Haurrei dagokienez, ekintza asko daude prest aste osorako; horien artean, aipatzekoak dira karpa txikian izango diren puzgarriak, buruhandien entzierroa, itsas lantegiak edota pailazoak. Haurrek jaietan gozatzeko aukera duten bezala, adinekoak ez dira atzean geratzen, eurentzat omenaldia prestatu baitute.
Horrekin batera, garai bati nostalgiaz beterik kantaturiko hitzak entzuteko aukera ere izango dute, bilbainadak eskainiko baititu Los Txikis taldeak. Horietaz gain, gazteek ere zeresana izango dute. Izan ere, Spedy Chicken in the Kitchen, Los Indomables eta Kaotiko musika taldeak izango dira ikusgai. Musika ekitaldiekin jarraituz, Euskal Herriko kulturaren parte diren bertsoek ere protagonismoa izango dute, gaur 13.00etan izango den saioan, hain zuzen ere.
Berbena jarraitzaileek ere ondo asko gozatuko dute Ene Bada taldearekin izango den erromeriara bertaratuz gero, plazan izango diren trikitiak ere ozen entzuten diren bitartean. Asko maindireetan itsatsita geratzen badira ere, argi dago beste asko egunean zehar eskaintzen diren ekintzak ikustera irteten direla kalera. Beraz, txapelketetan parte hartzen ohituta daudenak, Santurtzin bil daitezke bertan izango diren mus eta tute lehiaketetan, hain zuzen ere. Euskaldunok jatea oso gustuko dugun fama izan dugu beti. Hortaz, eta kontrakorik esan ez dezaten, tortilla lehiaketa izango da bihar arratsaldean.
Askorentzat pentsaezina litzateke jaietan kirola praktikatzea. Beste batzuentzat, ordea, inoiz ez da memento txarra. Beraz, eta azken horiei zuzenduta bereziki, asteazkenean, 20.00etan, herri kirolak izango dira, igandean 17.00etan izango den pala finala ahaztu barik. Jaien helburua ondo pasatzea bada ere, omenaldiak ere indar handiz sartzen dira egitarauetan. Horregatik eta Santurtzin oraindik bizirik jarraitzen duen arrantzale eta sardina-saltzaileen omenez, bihar arrantzale eguna egingo dute. Iazko urtean martxan jarri zuten ekimen berri horrek bere fruituak eman ditzan, zenbait hobekuntza aurrez ikusten dituzte Sugegorri kultur elkarteko kideek. Proposamen horren bitartez, jai guztietan zabalik egongo den arrantzaren inguruko museoa zabalduko dute bihar, egunean zehar izango diren izaera bereko ekintzak ahaztu barik.
Beraz, bihar 11.00etan museoa zabaldu eta gero, 1200 kilo itsaski banatzeko esperantza dute, 21.00etan izango den omenaldiaren aurrekari gisa.
|