Urduña, erraldoi eta buruhandien bilgune igandean
Erraldoi eta Buruhandien Urduñako V. Topagunea egingo dute datorren igandean. Bertan bilduko dira Euskal Herriko zenbait konpartsa bai eta Kataluniako talde bat ere. Gainera, duela bost urtetik hona antolatzen duten Topagune horretaz gain, Urduñako Bihotza Konpartsako kideek zenbait ekitaldi antolatu dituzte gaurko eta biharko, taldearen bosgarren urteurrena aitzakia hartuta.
Erraldoiak eta buruhandiak ohikoak izaten dira jai askotan. Herriko kaleetatik barrena ibiltzen dira pertsonaia horiek festa giroan, maiz musikak lagundurik eta gehienetan haurrez inguraturik. Urduña jaietako pertsonaia horien bilgune bihurtuko da datorren igandean, orduan egingo baitute duela bost urtetik hona antolatzen duten Erraldoi eta Buruhandien Topagunea. Bertan bilduko dira Euskal Herriko zenbait konpartsa baita Kataluniako bat ere. Tartean, Urduñako Bihotza Konpartsa izango da; egitasmo horren bultzatzailea, hain zuen. Bihotza Konpartsako lehendakari Josu Labianok adierazi duenez, horrelako bilguneek erraldoi eta buruhandiei loturiko kultura mantentzen eta hedatzen laguntzen dute. «Urduñan, lehen, erraldoi eta buruhandiak oso ohikoak ziren baina pixkanaka ohitura hauek ahulduz joan ziren. Bihotza Konpartsa osatu zenean, berriro ere pertsonaia hauek kalera atera eta ohitura berrindartzea lortu zen. Gainera, topagune hauek asko laguntzen dute sendotze lan horretan», azaldu du.
Katalanak gonbidatuta
Urduñako Topagunean Euskal Herriko zenbait konpartsa bilduko dira, eta bakoitzak bere ekarpena egingo du Urduñako karrikak alaitzeko. Batetik, Urduñako lau erraldoi izango dira, bi Udalarenak eta beste biak Bihotza Konpartsarenak. Barakaldotik ere beste lau erraldoi iritsiko dira eta Lezoko eta Amurrioko konpartsek bina erraldoi ekarriko dituzte. Hala ere, Euskal Herriko taldeez gain, Kataluniako beste konpartsa bat ere gonbidatu dute Bihotzako kideek: Esparreguera herriko taldea. «Bihotza Konpartsako kideok uztailaren 7tik 9ra joan ginen Esparreguerara, eta orain eurei dagokie hona etortzea», adierazi du Josu Labianok. «Ez da horrelako truke bat egiten dugun lehen aldia. Aurreko urtean ere antzeko zerbait egin genuen L’Hospitalet de Llobregat herriko konpartsarekin. Izan ere, Katalunian erraldoi eta buruhandiekin lan egiteko ohitura handia dago», erantsi du.
Bosgarren urteurrena
Topagunea egiten duten bosgarren urtea da, eta Bihotza Konpartsak ere bost urte bete berri ditu. Horiek hala, urteurrena aitzakia hartuta, Bihotza Konpartsakoek zenbait ekitaldi antolatu dituzte gaurko eta biharko, igandeko Topagunearen aurretik. Topagunean parte hartuko duten Euskal Herriko konpartsak Urduñara igandean iritsiko diren arren, katalanak gaur etorriko dira euskal lurraldera eta, beraz, urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko parada izango dute. Bide batez, Bihotza Konpartsako kideek «herria eta inguruak ezagutzera eramango dituzte eta bazkaltzera ere» gonbidatuko dituzte. Topagunerako ekitaldiak antolatzen Udalak laguntzen duen arren, urteurreneko ekitaldiez Bihotza Konpartsa bakarrik arduratu da. «Bosgarren urteurrena berezia izanik, ospatzeko zenbait ekitaldi egin behar genituela iruditu zitzaigun, eta horregatik antolatu ditugu. Ekitaldi hauek ez dute loturarik Topagunearekin, eta, beraz, gu soilik arduratu gara horiek antolatu eta kudeatzeaz. Topagunerako ekitaldietarako, ordea, Udalak diru laguntzak ematen dizkigu», azaldu du Bihotzako lehendakariak. Asteburu honetan, beraz, erraldoi eta buruhandi ugari
bertaratuko da Urduñara. Erraldoi, buruhandi bai eta bertako jai giroaz gozatu
nahi duen edonor ere. -
Jolasak, kalejira eta afaria, erraldoi eta buruhandien artean
Ekitaldi ugari antolatu dute asteburu honetarako, buruhandi eta erraldoiek merezitako jaia izan dezaten. Ekitaldiak gaurtik igandera bitartean izango dira Urduñan.
Bihotza Konpartsakoen bosgarren urteurrena izango da arrazoi nagusia gaur eta bihar Urduña jai giroz janzteko. Hartara, zinema emanaldia izango da gaur gaueko hamar eta erdietan. Bertara joaten direnek «La Pantera Rosa» filma ikusteko parada izango dute. Beste alde batetik, gaur bertan iristekoak dira herrira Kataluniako konpartsako kideak.
Gaurko egunerako gaueko ekintza hori bakarrik antolatu dute; izan ere, biharko utzi dituzte ekitaldi handienak. Goizerako ez dute ekintzarik antolatu, eta herria eta inguruak katalanei erakutsiz ibiliko dira Bihotzako taldekideak eguerdira bitartean. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute.
Arratsaldeko bost eta erdietan, herritarrei zuzenduriko egitekorik izango da. Ordu horretan hasiko dira haur jolasak Foru Plazan, eta ondoren, sei eta erdietan, askaria banatuko diete bertaratzen direnei. Sabela ondo bete ostean, jai honetako protagonistak azalduko dira, buruhandi eta erraldoiak, eta Urduñako kaleetan barrena kalejiran ibiliko dira. Bertan hartuko dute parte Bihotza eta Esparreguerako konpartsek. Gainera, arratsalde osoan Laudioko Gargantua izango da haurren gozagarri.
Iluntzeko zortzi eta erdietan afaria emango dute Foru Plazan, eta gaueko hamarretan, eguna amaitzeko, zezensuzkoa izango da.
Igandean, berriz, Erraldoi eta Buruhandien Urduñako V. Topagunea egingo dute. Egun horretarako, Euskal Herriko beste zenbait konpartsa joango dira; Amurriokoa, Lezokoa eta Barakaldokoa, tartean. Eguerdiko hamabietan konpartsa guztiek batera kalejira egingo dute, eta ondoren, ongietorri ofiziala egingo diete bertaratutako taldeei udaletxean.
Eguna eta asteburua amaitzeko, bildutako konpartsa guztiek bazkaria egingo dute.
|