- Sega
Ikuskizuna segurtatuta dago Ordizian
DONOSTIA
Etzi eguerdian jokatuko dute Ordizian Euskal
Herriko Nazioarteko sega Txapelketa. Bakarkako saioa izango da eta, bertan,
kirolari euskaldunez gain, austriarrak ere izango dira lehian, eta horrexek
erakargarritasuna areagotuko du zaleen artean. Azkartasuna eta txukuntasuna
uztartuko dira lehiaketa horretan eta, beraz, azkar moztea ez da balioko duen
gauza bakarra, txukun moztu beharko baitute, bestela, zigorrak izango dira, eta
egindako denborari erantsiko zaizkio.
Gizonezkoek 100 metro koadroko sail bana izango dute
lanerako, eta emakumezkoek, berriz, erdia. Antolatzailea Almintza elkartea
izango da, eta jadanik eman ditu aditzera Ordizian lehian izango diren
kirolarien izenak.
Nesketan, honako hauek izango dira: Gabirondo,
Galarraga, Jauregi, Ansa, Geresta, Garmendia, Astondoa eta Garin. Horiek guztiak
EuskalHerrikoak dira, eta Hadtswalmer eta Sams izango dira Austriatik etorriko
direnak.
Mutiletan, berriz, honako hauek izango dira nor baino
nor arituko diren segalariak: J.Etxeberria, Zuriarrain, G. Etxeberria, Arretxe,
Goenaga, Ormaetxea, Egia, Goikoetxea, Aranalde, Alkorta, Atxa, Goioaga,
Mariñelarena, Izagirre, Agirrezabala, Atin, Altzo, Jauregi, Arteaga,
I.Garmendia, Bereziartua, J.Garmendia, J.J.Irazusta, L. Irazusta, Alkain,
Lizaso, eta Mondela, guztiak Euskal Herrikoak. Horiez gain, Rapperstofer eta
Kurts etorriko dira Austriatik.
Ekinaldia Ordizian izango da, hiri barrutik eta
errepidetik oso gertu eta 12.30ean hasiko da. Sega denboraldiko azkenetako saioa
izango da Euskal Herrian.
|