GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-09-27
Petrokimikan segurtasuna indartzeko eskatu du CCOOk
CCOOk «Enpresa Jardueretan Koordinazioa Ezartzeko Gida» aurkeztu berri du Bilbon. Petrokimika sektoreko enpresa nagusietako eta laguntzaileetako segurtasun ordezkarien artean banatuko du. Sindikatuaren ustez, ezinbestekoa da bi enpresen arteko koordinazioa bultzatzea sektoreko lan ezbehar kopuru handia txikitu ahal izateko.

BILBO

Lanean izaten diren ezbehar kopuru handiak txikitzeko, azpikontratatutako enpresa askorekin lan egiten duten fabrika petrokimiko nagusiei guztien segurtasun planak koordinatzeko eta planifikatzeko eskatu die CCOO sindikatuak.

Hori lortu ahal izateko sindikatuak “Enpresa Jardueretan Koordinazioa Ezartzeko Gida” kaleratu du. «Izan ere, enpresa-buruek ez badute enpresa nagusien eta languntzaileen arteko lana koordinatzen, eta beharrezkoak diren neurriak betetzen diren ala ez ikusten ez badute, horrelako zentroetako ezbehar kopuruak berdin jarraituko du, batez ere ekoizpena gelditzerakoan. Hau da, langile bat hilko da bi egunetik behin, eta egunero 600 istripu izango dira; 116.000 izango dira urtean», azaldu zuen CCOOk.

25.000 langile baino gehiago

Sindikatuak esan zuen Estatu espainolean bederatzi findegi daudela, eta horien inguruko konplexu petrokimikoetan 57 enpresa. 14.802 langileri ematen diete lana zuzenean. Enpresa laguntzaileak, aldiz, 189 dira, eta langileak 11.058.

«Arriskutsutzat jotzen diren eta arrisku bereziak dituzten produkzio-prozesuetan bildutako enpresa guztien bat etortze konplexuak Arriskuen Prebentziorako Legea ezartzea eskatzen du, horrela beharrezkoak diren prebentzio jardueren koordinatze neurriak indarrean jarri ahal izateko», adierazi zuten.

CCOOk prestatutako gida segurtasun ordezkarien artean banatuko dute, eta neurri desberdinak aurreikusten ditu; besteak beste, sektorean lan egiten duten enpresentzako informazioa eta komunikazioa indartzea, eta, zehazki, esleipen enpresen arteko segurtasun batzordeak eratzearen garrantzia nabarmentzea. Repsolen, besteak beste, jada hitzartu dituzte.

Gida hori egiteko azken bi urteetan informazio ugari bildu dute; datuen artean, enpresen heren batek osasun eta segurtasun batzorderik ez duela ikusi dutela esan zuen sindikatuak, nahiz eta enpresa languntzaileen %67n badagoen. Bi enpresen arteko informazioa, hala ere, eskasa da, eta bertako langileek ez dute elkar ezagutzen. Oro har, ez dakite, gainera, bakoitzak zein enpresatarako egiten duen lan.

Adierazitakoaren arabera, langileen %44k soilik du segurtasunean hartzen diren neurrien berri, eta kasuen %50en besterik ez dira neurri berberak hartzen enpresa laguntzaileetako eta nagusietako langileentzat.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
ACS compra el 10% de Iberdola con la intención de fusionarla con Unión Fenosa
Euskal Herria
El Foro de Ibaeta convoca una marcha pro presos para el 7-O
Euskal Herria
Cientos de militares españoles hacen gala de sus armas en territorio vasco
Kultura
Perkusioaren anaidia
Mundua
El relator de Naciones Unidas critica a la propia ONU por el castigo a los palestinos
Jendartea
Un fallo en el reactor provoca una parada no programada en Garoña
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss