|
|
|
|
|
Perkusioaren anaidia
«Nömadak Tx» dokumentalean agertzen diren jaialdi ugarietan aurkezleek ere merezi dute txalorik. Denak dira politikoki zuzenak Euskal Herria eta euskaldunak aurkezteko orduan, baina jatorrena Indiako bat da, esan zuenez, benetako europarrak baikara «Europako aborigenak».
|
Bidaiatu nahi duen orok, nomada izan nahi duenak, ikasi behar luke instrumenturen bat jotzen, eta ahal bada perkusioa. “Nömadak Tx” filma ikustea aski da horretaz jabetzeko. Bisitatzen dituzten lekuak gogorrak dira, baina aurkitzen duten jendea beroa. Dokumentalak une gogoangarriak eta magikoak ditu. Musikaren bidez lortzen da gehienetan harremanen miraria, anaikidetasun berezi hori. Atzo egin zuten estreinaldia Kursaalean, eta ikusgarria izan zen filma ematen ari ziren bitartean eta ondoren ikusleen artean egon zen berotasuna.
Zaldiak eta parapentea
Donostiako Zinemaldian argazkilariak erakarri nahi dituenak ospe handiko aktoreak aurkeztu behar ditu, edo jai dauka. “Nömadak Tx” filmekoek zaldi batzuk kalean jarriz lortu zuten jendearen ikusmina eta argazkilarien arreta erakartzea. Dokumentalean lan egin duten zenbait «aktore» joan ziren «zamalzain» Maria Cristina hoteletik Kursaalera. Tartean ziren Garazi eta Beñat Embarek, Gurutze Irizarren seme-alaba sahararrak, eta Josu Iztueta. Kabalgata Kursaalera bidean zen bitartean airetik parapente motordun bat ibili zen teilatuen gainetik filmaren izenburua erakutsiz. Kabalgata zenerako jendetza zegoen aretora sartzeko zain, inguruan zen haima batean sarrerak hartu ondoren eta jende erreskada horretan aurpegi ezagunak mila. Politikarien artean Jone Goirizelaia, Gemma Gonzalez Txabarri, Nuria Lopez de Guereñu eta Kontxi Bilbao ikus zitezkeen. Kantari eta musikariak bakarrik aipatzearren, Mikel Laboa, Fermin Muguruza, Niko Etxart, Mikel Markez, Rafa Rueda eta Ramon Lazkano izan ziren bertan. Kursaal atarian Zinemaldiak iraun duen bitartean inoiz entzun den euskararik gehien entzuten zen. Iaz “Aupa Etxebeste”rekin gertatu zen hori. Aurten bi «euskal estreinaldi» daude eta atzo izan zen lehendabizikoa. Estreinaldia hasi aurretik Oreka Tx-eko bikotea (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa) eta Raul de la Fuente zuzendaria igo ziren une batez agertokira. Labur mintzatu ziren eskerrak emanez, eta De la Fuentek bere aitonei eskaini zien filma. «A mis abuelos que fueron nómadas. Uno fue pastor y el otro vendedor ambulante», esan zuen. Ez zen isiltasun handiko estreinaldia izan. Indiatik abiatu ginen bidaian eta bertan antolatu zuten jaialdian aurkezleak oso modu bitxian aurkeztu zituen txalapartariak. «Euskal Herritik datoz. Euskaldunak jatorrizko europarrak dira, Europako aborigenak», esan zuen. Txalo eta txalo Lekuan lekuko jaialdietan jendeak txalo jotzen zuen bakoitzean aretoan zeuden entzuleak ere txalo jotzen zuen, modurik sinkronizatuenean. Irudien ederrak erakartzen du hasieratik. Bertako jai giroa eta erritoak ere bereganatzen du ikuslea. Ahuntz bat hiltzen ikusi genuen Adibasien lurraldera iritsi eta laster. Uretan belaunetaraino sartuta txalaparta jotzen ikusi genituen eta ondorengo 90 minutuetan baldintza xelebreenetan ikusi genituen txalapartarekin. Lapoiniarantz abiatu ziren ondoren Josu Iztuesta lagun zutela. Izotzetan zuloa egin eta bainu bat hartzen ikusi genituen eta izotzarekin txalaparta egiten. Berbereekin ibili ginen segidan euskaraz poliki hitz egiten zuen Chou lagun genuela, Tindufera egin genuen bisita gero Garazi Embarek lagun hartuta, Mongolia zeharkatu genuen zaldiz eta Chimbaud herri nomaden bila abiatu ginen iparralderantz. Lekuan lekuko kantari eta musikariak ezagutu genituen eta Harkaitzek eta Igorrek txalapartari esker jendearekin harremanetan sartzeko duten adurra miretsi genuen. Bi musikarik, Raul de la Fuentek eta Josu Iztuetak, hotzik handienarekin ere umorea ez dutela galtzen frogatu zuten. Herri nomaden askatasun egarria, anaikidetasuna eta beste hainbat balore agerian jartzen dituen dokumentala da, irudi harrigarriz eta musikaz betea.
Dokumentalean lan egin duten 30en bat lagun igo ziren bukaeran agertokira. Galderei erantzuten aritu ziren eta Kaskazuri jatetxera bildu ziren lagun taldeak, azkenik, gauari ordu batzuk lapurtuz arrakasta ospatzera. -
|
|
|
| |
|
|
|
|
|