Hirugarren urtez segidan Nazio Eztabaida egiteko prozesua martxan da. Lehe-nengo aldiz egin genuenean, 03-04an, alegia, pentsamolde ezberdineko jende multzo batekin nazio ikuspuntutik Euskal Herriak dituen gabezia eta indarguneen inguruan oinarrizko adostasuna lortzea izan genuen helburu garrantzitsuena. Hurrengoan, berriz, eztabaidaren gailurra den bil- tzarreko kideen zerrenda zenbaki zein aniztasunari dagokionez aberastea. Eta, aurtengoan, parte-hartze aldera urrats gehiago eman nahi genituzke.
Parte-hartzea lehenik Nazio Eztabaida Guneko partaideen aldetik sustatu nahi genuke, hots, osatzen dugun 400 kideen parte-hartzea sendotu eta areagotu. Gure eginkizuna ez baita mugatzen urtean behin, eta aurtengo kasuan urriaren azken igandean, egingo den bilkura nagusira joatera. Ez, Guneko kide izatea ez da zerbait formala, jarrera aktiboa eskatzen digu.
Nazio Eztabaida bideratzeko dokumentu labur batzuk egin ditugu. Orientagarri izan nahi luketen haus- narketa xumeak. Ez dira testu itxiak, eztabaida eta ekarpenak bideratzeko baliagarriak izan daitezkeen lanak baizik. Beraz, gaiari dagokionez ekarpenak modu zabalean egin daitezke. Eta bidaltzeko era ere norberak aukera dezake: pertsonalki zein taldetxoan.
Baina, parte-hartze hori ez da soilik Guneko kideetara mugatzen. Aurten urrats gehiago eman nahi genituzke nahi duten herritarrei zabalduz. Eta horretarako atzo Aurre Bilkurak egin genituen Maule, Hazparne, Iruñea, Donostia, Gasteiz eta Bilbon. Bileran aurkeztutako iritzi, hausnarketa eta proposamenak idatziz jasoko ditugu eta ekarpen guztiak aztertuko dituen batzordeari helaraziko dizkiogu.
Zein den Nazio Eztabaidaren zioa? Nazio bezala hausnartu eta pentsatzeko aukera eman, herritar guztiei beraien iritzia plazaratzeko bideak eskaini. Oinarri-oinarritik hasita nahi duten herritarrekin Euskal Herriaren egoerari buruzko anali- sia egin. Nazio ikuspegi orokorra sendotze nahian, egingo ditugun hausnarketa eta azterketak zazpi herrialdeen dimentsioa izanen dute oinarri eta erreferentzia. Alegia, Espainia edo Frantziako estatuetan egiten den legez, Euskal Herrian ere urtero gure Nazioaren egoera aztertu eta lehentasunak markatzea dugu xedetzat.
Demokrazia parte-hartzailea bultzatuz ariketa praktikoa egin nazio ikuspegia indartu eta barneratu dezagun. Naziotasuna oinarri harturik bizi dugun egoera aztertu, gure egunerokotasunean Herri bezala ekin eta jardun dezagun.
Gure herriak duen egoerari buruz azterketak egin egiten dira alderdi politiko, sindikatu edo instituzioen barnean. Guk ez dugu nahi beste gune bat gehiago sortzea. Guztiz berezia da Nazio Eztabaida: batetik, pentsakera ezberdin eta ikuspuntu anitzen artean egin nahi dugu gure hausnarketa; alegia, Euskal Herria aintzat hartzen dugun guztien arteko eztabaida bultzatzen dugulako, eta, bestetik, Nazio dimentsioa edo ikuspegia azpimarratu eta indarberritu nahi dugu.
Zoritxarrez, Euskal Herriak ez du Parlamentu ez Gobernu propiorik. Gure lurra bortz administrazio ezberdinen esku dago eta beraz zeharo zatitu eta desitxuraturik. Areago, ez dugu lortu oraindik modu bateratuan Instituzio Nazional indartsurik gorpuztea. Horri gehitzen badiogu Espainiak zein Frantziak urteetako eraginez bultzatzen duen deskulturalizazioa, bistan da gure herri izaera kasurik onenean ahuldua dugula eta modu orokorrean, oso moteldua. Espainiar zein frantziar hiritar gisa bizi gara: Hezkuntza Sistema bakarraren menpe; bertako hizkuntza nagusia erdara bilakatzen dute, euskararen egoera aski larria bihurtuz; harreman sozio-laboralen esparruan erreferentziak Madril eta Paris dira; Justiziak eta bere funtzionamenduak arrotzak izaten jarraitzen dute. Etxean arrotz sentitzen gara.
Nazio bezala ekin ahal izateko, beharrezkoa dugu nazio gisa pentsatu eta sentitzea. Horretan saiatzeko modu ezberdinak daude, eta beraien artean Nazio Eztabaidan partehartzea era egoki eta interesgarria deritzogu. Urtero bultzatuko dugun eki- mena izanik, emeki-emeki herritar guztien erreferentzia bihurtu nahi genuke. Udazkenero, Nazio ikuspegia erabiliz norberaren iritzia eman eta ekarpenak egiteko gune zabala, anitza eta erakargarria. Urtez urte aurrerapauso berriak ematen ari gara eta aurtengoan ekimena sozializatze bidean jauzi kualitatiboa eman nahi genuke.
Azken boladan herritarren parte-hartzea hitzetik hortzera darabilgun une honetan, hona hemen hori praktikara eramateko modu egoki eta erosoa. Herri bezala funtzionatzeko bidean beste urrats bat. Euskal Herria bere buruja- betzan aurrera doala erakusteko modu xume bezain aberatsa. -