Nazioarteko salerosketa sareen eta garraiobideen garapenak berekin ekarri du hainbat landare eta animalia espezieren legez kanpoko trafikoa handitzea. Urtero 38 milioi animalia ehizatzen dira merkataritza horren eraginez, eta horietatik %60-80 ez dira bizirik iristen salerosketara. Legez kanpoko merkatu horren eragin kaltegarriez eta garrantziaz jabeturik 20.000 milioi euroko negozio-bolumena duela kalkulatzen da, Donostiako Zientziaren KutxaGuneak leku egin dio “Biodibertsitatea arriskuan: espezieen geureganatzea eta legez kanpoko trafikoa” izeneko erakusketari. Aduanetan atzemandako hainbat piezaz osatu dute erakusketa, besteren artean, krokodilo larruz, koralez eta boliaz egindako objektuz. Horma batean hartz zuriaren larruazal oso bat ere zintzilikatu dute. Erakusketako arduradunen hitzetan, helburu nagusia gizartean krudelkeria horien gaineko kontzientzia sortzea da, eta, aipatutako piezak bisitarien begi aurrean jartzeaz gain, informazio-panelen bidez hainbat datu eman eta informazio osagarria bideratzen dute.
Erakusketako arduradunen arabera, espezieen desagertze abiadura etengabe ari da biderkatzen, eta, egun, ezagutzen diren 10 milioi espezieetatik erdiak desagertze bidean daude. Animalien kasuan, gehien eragiten duten faktoreak espezie arrotzen sartzea (%39), habitaten desagertzea (%36) eta ehiza (%23) dira. Guztiak legez kanpoko trafikotik eratortzen dira, eta, erakusketako arduradunen esanetan, gizarteak egindako eskaera da arazoa:«Zenbaiten apeta asetzeko sarraski izugarriak egiten dira. Pieza hauek ederrak izan daitezke, baina hori lortzeko hil diren ehunka animaliak ere ikusi behar ditugu. Bolizko pieza baten atzean elefante oso baten erailketa baitago».
loroak kanaberen barnean
Bestelako adibiderik ere jarri zuten: Hegaztiak mugetatik bizirik pasatzeko ahaleginean, banbu-kanaberen barnean egokitzen dituzte, baina ehunetik gutxi batzuk izaten dira bizirautea lortzen dutenak.
Krudelkeria horiek, ordea, ondo baino hobeto ordaintzen ditu bezeroak. Adibidez, errinozero adarraren kilogramo batengatik 54.000 euro, Brasilgo loro urdinagatik 60.000 euro eta gorila osoagatik 90.000 euro ordaintzera iristen dira, eta legez kontrako salerosketek dirutza ikaragarria mugitzen badute ere, etekinen zati txikia geratzen da jatorrizko herritarren eskuetan.
Landareen kasuan, apaingarri gisa erabiltzen diren espezie ugari dira bertako landareriaren lekuaz jabetzeko ahalmena dutenak exotikoak, batik bat eta, beraz, bertakoen desager- tzea edo espezieen arteko nahasketa bideratzen dutenak. Horrek eraginak izaten ditu ekonomiako hainbat sektoretan nekazaritza, ehiza, arrantza eta turismoa nagusiki.
Horrez gain, «izurrite» bilakatu den landareria desagerrarazteko kanpainek milioika euroko aurrekontua behar izaten dute.
Erakusketa gaur hasi eta urtarrilaren 7ra bitartean
egongo da ikusgai Donostiako Kutxaespazioan, eta antolatzaileek aurreratu zuten
zenbait ekintza egiteko asmoa ere badutela. -