Astigarraga eta Errenteria arteko bide lasterra, abian
·Donostiako 2. ingurabidearen zati biak 2009. urterako amaituta izatea espero da
Donostiako bigarren ingurabidearen Errenteria-Astigarraga zatiko lanak hasi zituzten atzo. Bi zatitan egingo dute errepidea. Hala, hiriburuko sarrera-irteerak arintzea espero du Gipuzkoako Aldundiak, eta herrialdea zeharkatzen duen ibilbide luzeko trafikoari beste alternatiba batzuk ematea.
DONOSTIA
Atzo martxan jarri zituzten lanek 164,9 milioi euroko aurrekontua dute, eta 2009. urtean bukatzekoak dira. Astigarraga eta Errenteria arteko zati horrek 8,4 kilometroko luzera izango du, eta Gipuzkoako bidezubirik luzeena, kilometro batekoa, eta hiru tunel izango ditu.Aldundiko arduradunek azaldu zutenez, 34 hilabetetan egingo dituzten lanek zailtasun tekniko nabarmenak izango dituzte, bereziki aipatutako bidezubia eraikitzeko. Bideak 40.000 ibilgailu hartuko ditu egunero, eta horietatik 7.000 kamioiak izango dira. Donostiako saihesbideak gero eta trafiko handiagoa du, eta horri irtenbidea eman nahi diote. Gaitasun handiko ingurabideak helburu bi ditu; Gipuzkoa zeharkatzen duen trafikoa hartu eta Donostiako sarrera-irteerak arintzea. Astigarragaren eta Errenteriaren arteko zatiak eta Aritzetaren eta Urumeako lotunearen artekoak osatzen dute errepide laster hori, eta biak 2009rako bukatuta izatea espero da. Bestalde, Batasunak gogor kritikatu zuen Gipuzkako Foru Aldundiaren politika. «Txabarrik eta bere alderdia den PNVk Gipuzkoan eramaten ari diren eskuindar politika erabat jasangaitza eta kontraesankorra da», esan zuen talde abertzaleak prentsa ohar baten bidez. «Beren garraio politikak errepideak egitera eta beraz gero eta auto gehiago erabiltzera bultzatzen» duela salatu zuen, eta politikamoderno, publiko, sozial eta sosteniblea» egitearen aldeko apustua azaldu zuen.
Bide berria Iruñean
Noain-Taxoare Mendebaldeko saihesbidearen altueran, Ekialdeko saihesbidea eta Iruñea lotzen dituen bide zati berria zabaldu zuten atzo trafikoarentzat, hiru hilabeteko lanen eta 412.000 euroko inbertsioaren ostean.Nafarroako Herri Lanetarako Departamentuak eremu horretan sortzen ziren trafiko arazoak konpondu nahi izan ditu errepide berriarekin. Iruñera joateko, A-15 autobideko Noaingo loturatik biribilgunera sartzen ziren ibilgailuek AP-31 edo Logroño-Donostiaranzko bidea hartu beharra zutelako lehen. Errepide berria biribilgunera heldu baino lehenago dago.
|