Juan Martin kalekumeak Aranguren baserrian emanen du
uda “benetako” euskara ikasten. Aita, amona eta lau seme-alaba bizi dira etxean
eta nahiko lan izanen du eurekin komunikatzeko. Arazo guztiak ez dira
linguistikoak izanen:nekazaritza girora egokitu beharko du eta bi anaiekin
logela partekatu. Alaba gazteenak hormona guztiak dantzan jarriko dizkio, baina
neskak badu bikotekidea; jatorra, ederra eta sekulako pilotaria. Horixe da
Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek pantaila handira eraman duten istorioa.
Unibertsala bere txikitasunean.
Bihar estreinatuko duzue filma. Zein dira zuen sentipenak?
Mireia Gabilondo: Pozik gaude egindakoarekin, baina publikoak nola hartzen duen ikusi beharko da.Fernando Bernues: Antzerkian, emanaldi bakoitza berezia izaten da eta ez da jakiten zer ikusiko duzun. Zineman ez da hori gertatzen. Hainbat aldiz ikusi dugu pelikula eta sentipenak egonkortzen joan dira. Sentsazio ona dugu, nahi genuen bezalako lana egin dugulako.
Sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.
M.G.: Jendeak Joxean Sagastizabalen istorioari zer gaineratu diogun ikusteko gogoa daukala uste dut. Hemen egina da, euskaraz, eta publikoak ondo hartuko duela iruditzen zait.
Ibaia saria emanen dizuete ekoizpen ausarta egiteagatik.
F.B.: Pelikula bat egitea zaila eta garestia da. Formula berezia erabili dugu guk, telesail labur bat ere prestatu dugulako. Filmik gabe ezinezkoa izango litzateke telesaila egitea eta telesailik gabe ez zen filmik izango. Ekoiztea abentura izan da, eta pentsatzen dut horregatik erabakiko zutela saria ematea.
Nola ikusten duzue euskarazko zinemagintza?
M.G.: Tantaz tanta zerbait egiten ari garela iruditzen zait, eta hori polita da. Oteizak esaten zuen bezala, garrantzitsua da herriarentzat lanak hemengoek eta hemen egitea, baita ondo egiteko lan txar asko egin behar dela jakitea ere. Garrantzitsua da kultura herriarentzat, eta kulturaren barruan zinema.F.B.: Itsasgorak eta itsasbeherak izaten dira. Urte batzuetan ekoizpenak izaten dira eta beste batzuetan ez, ez baitago dinamika egonkorrik. Baina gero eta aukera, erabakitasun eta gaitasun handiagoa dago euskarazko filmak normaltasunez egiteko. Gutxiengo zinema ekoizpena egonkortzen ari da eta albiste ona da hori. Guretzat euskara ez da muga. Are gehiago: kasu honetan pelikula egiteko bidea izan da.
M.G.: Azpititulatutako pelikula ingelesak, alemaniarrak, finlandiarrak eta iraniarrak ikusten baditugu, zergatik ez dugu azpititulatutako film euskaldunik ikusiko? Ez al dira besteak bezain unibertsalak?
Zuzendu duzuen aurreneko pelikula luzea da. Gustura aritu zarete?
F.B.: Film laburrik ere ez dut behin ere zuzendu. Telebistan eta antzerkian aritu izan naiz soilik. Zineman aritzea bidaiatzea gustatzea eta kontinente ezezagun batera joatea bezala izan da niretzat. Toki desberdina dela ikusten duzu, baina ohituta zaude bidaiatzera. Istorioak kontatzen ditugu antzerkian eta telebistan, eta zineman ere hori egin dugu. Horregatik moldatu gara ondo errodajean, nahiz eta neketsua izan.M.G.: Eguneko ordu guztiak baliatu behar dituzu filma egiteko. Luzea da dena.
Kontatu nolakoa den grabaketa egun bat.
M.G.: Luzea eta bizia da. Jendetza izaten da eta aurrez ikusi ezin den gauza ugari gertatzen da. Esate baterako, laino batek ordubete baino gehiagoko lana zapuzten ahal du. F.B.: Hamaika erabaki hartu behar izaten da egunero. Zuzendariok langileak bideratu behar ditugu buruan dugun filma gauza dadin.
M.G.: Une batzuk biziak izaten dira, barregarriak, eta egindakoarekin pozik gelditzen zara.
F.B.: Une magikorik ere izaten da. Eta egindako lanaren ordaina jasotzen duzu orduan.
Gertatutako zein bitxikeria aipatuko zenukete?
F.B.: Ez genekien aitaren papera nork egingo zuen. Gereziondo artean grabatzen ari ginela baserritar bat ikusi genuen traktorean, eta aproposa zela iruditu zitzaigun. Berak eman dio bizia aitari eta sekulako oparia izan da guretzat eta filmarentzat. M.G.: Xelebrekeria askorik ere ez zaigu gertatu. Mendian ibili gara eta ez zen autorik eta zaratarik, bakarrik egon gara. Alde horretatik hirian lan egitea askoz zailagoa izango dela iruditzen zait. Iazko udan grabatu genuen, bi hilabetetan, eta han ibili ginen eguzkipean makina guztiekin gora eta behera.
Aurrena liburua; CD-Rom-a eta antzerki obra gero; eta orain pelikula. Zergatik du halako arrakasta Joxean Sagastizabalen kontakizunak?
F.B.: Euskaltegian irakurri nuen liburua orain dela urte asko. Filmak osatu egiten du nobelako istorioa. 1978an girotua dago eta zabaldu egiten du orduko testuinguru politikoa eta soziala. Ez da komedia hutsa. M.G.: Istorio txikia eta polita delako aukeratu dugu, orain ere gerta daitekeelako. Jende askori kostatzen zaio euskara ikastea. Ikasi dutenarekin edozein baserritara joaten badira ez diete hangoei ulertuko. Polita iruditzen zait hori eta zer esanik badagoela pentsatzen dut. Barru-barrutik kontatua da, gainera; Sagastizabalek berak bizitako istorioa da. Protagonista hiritarra da eta lehendabizi bere buruaz barre egiten du. Pertsonaia umila da. Zubia ere bada kontakizuna, hiritarren eta baserritarren artekoa, euskaldun berrien eta euskaldun zaharren artekoa. Unibertsala da bere txikitasunean. -