DONOSTIA
Menchu Gal margolari irundarrak jasoko du aurten Manuel Lekuona saria, Eusko Ikaskuntzak atzo jakinarazi zuenez. EIk urtero ematen du sari hori, euren obra osoarengatik euskal kulturaren alde gehien nabarmendu diren pertsonak aintzatesteko.Menchu Gal Irunen jaio zen 1918an. Gaspar Montes Iturriozekin jaso zuen prestakuntza hasieran, eta 1932an Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketako saria jaso zuen. 15 urte bete gabe zituela, Parisera joan zen; bertan, Amedee Ozenfant kubismoaren maisuaren eskolak jaso zituen eta Matisse eta fauvismoa ezagutu zituen. Ondoren, Aurelio Artetarekin ikasten jarraitu zuen eta Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Eskolan aritu zen geroago.
Gerra ondorengo pintura berrikuntzaren egile nabarmena izan zen. 1959an, Espainiako Pintura sari Nazionala lortu zuen. Hura lortzen zuen lehen emakumea izan zen.
Daniel Vazquez Diazen ikaslea eta Benjamin Palenciaren paisaia-pinturak eraginda, bere lanean Bidasoa eta Mantxako paisaiak nabarmentzen dira, baita erretratuak ere.
Manuel Lekuona saria Eusko Ikaskuntzak 1983. urtean sortu zuen, euskal kulturako pertsonalitateak aintzatesteko. Aurreko edi- zioetan saritutakoen artean daude Jorge Oteiza, Miguel Maria Azaola, Justo Garate, Bernardo Estornes, Carlos Santamaria, Jose Maria Jimeno Jurio, Eugene Goyheneche, Jean Haritschelhar, Elias Amezaga edota Manuel Lekuona bera, besteak beste.
Saria emakume bati ematen dioten bigarren aldia da. Micaela Portilla arabar historialaria izan zen lehena.