GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-10-24
Aita Donostia Abesbatza Argentinara joanen da, konpositore ezaguna bezala
Orain 82 urte Aita Donostiak lau haizetara zabaldu zuen euskal musika Argentinan. Konpositore eta folklorista ezaguna hil zela 50 urte bete direnean, bidaia bera eginen du haren izena duen abesbatzak. 15 egun iraunen du birak eta taldeak Pampa hezearen bihotzean kantatuko du: Rosarion, Venado Tuerton, Paranan eta San Nicolasen. Baina, hegazkinera igo baino lehen, nola lan egiten duten erakutsiko dute bihar Donostian, eta igandean Urretxun emanen dute kontzertua.

DONOSTIA

«Binbili, bonbolo, sendal lo / akerra Prantzian balego / akerra kanta, idiak dantza / ahuntzak danboliña jo». Horrelako solasak aireratuko ditu Argentinan Javier Alberdik zuzentzen duen abesbatzak. “Binbili bonbolo”, “Jeiki jeiki”, “Lili eder bat”, “Boga boga”, “Maitia nun zira?”, “Saratarra” eta bertze herri kantu ugari ezagutaraziko dute Rosario, Parana eta San Nicolas hirietako euskal etxeetan. Horietako anitz Aita Donostiak harmonizatu zituen.

Azaroaren 8an hasiko dute bira, eta hamabost egun iraunen du. Rosarioko San Jose Basilikan eta Venado Tuertoko Sociedad Españolan eta katedralean bertze nazio batzuetako musika ere interpretatuko dute; Galiziakoa eta Kataluniakoa, errate baterako. Hiriko gotzaina bertaratuko da katedralera, musika klasikoa eta euskalduna aditzera.

«Duela lau urte hasi nintzen Aita Donostia abesbatzan kantari, eta familia handia osatu dugula sentitzen dut ­adierazi zuen Julia Garcia bidaiaren antolatzaileak prentsaurrekoan­. Kontent nago abentura honi ekinen diogulako, argentinarra bainaiz eta senideak baititut han. Hamasei kantari, Javier Alberdi zuzendaria eta hamar laguntzaile joanen gara. Lehendabiziko astean herrialdearen erdialdea bisitatuko dugu, Pampa hezearen bihotza. Nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokienez, inguru aberatsena. Turista gutxiko tokia. Argentina sakona eta benetakoa. Euskal kolonia handia dago, eta badakigu maitasuna emanen digula».

Sari moduko bat

Aurreneko aste horretan emanen ditu Aita Donostia abesbatzak kontzertu guztiak, eta hurrengo egunak herrialdeko zenbait altxor ezagutzeko baliatuko ditu. Iguazuko ur-jauzietan eta Buenos Aires hiriburuan izanen da, adibidez.

Batzuk azaroaren 21ean itzuliko dira etxera, baina bertze zenbait lagun Patagonian ibiliko da hilaren 24ra arte. «Bira gogorra izanen da. Nekatuta baina pozik itzultzea espero dugu», erran zuen Julia Garciak.

Hogei urteko ibilbidea du Aita Donostia abesbatzak, eta Argentinako bidaia sari moduko bat da, egindako ahaleginaren ordaina. Baina Juan Antonio taldeko ordezkariak zera nabarmendu nahi izan zuen: «Aita Donostia konpositorearen lana ezagutaraztea da helburu nagusia. Emanaldi guztietan abestuko ditugu konpositoreak harmonizatutako obrak. Gainera, liburuak eta bestelako materialak ere eramanen ditugu herritarrak folklorista eta musikari bezala duen garrantziaz jabetzeko. Euskarazko letren itzulpenak emango dizkiegu, esate baterako».

Javier Alberdi zuzendariak proiektuaren berri emateko bi kontzertu antolatu dituztela jakinarazi zuen. Bihar izanen da lehenengoa, arratsaldeko zazpi eta erdietan Donostiako Okendo kultur etxean. Emanaldi didaktikoa izanen da: «Kantuak nola garatzen ditugun, abesbatza nola osatzen dugun, nola egiten dugun lan saioetan... Horrelako gauzak azaltzen ahaleginduko naiz. Interesgarria eta arina izanen dela uste dut. Futbol talde baten entrenamendura joatea bezala. Gutxitan izaten da, gainera, abesbatza barrenetik ezagutzeko aukera». Bi helburu lortu nahi dituzte Okendon: herritarrei Argentinan eginen dutenaren berri emanen diete eta kantatzea gogoko dutenak taldeko partaide izatera bultzatuko dituzte.

Igandean, berriz, Urretxuko parrokiara joanen dira Aita Donostiako kideak. Orain 50 urte zendutako musikagilearen lanak interpretatuko dituzte, baita nazioarteko musika ere. Arratsaldeko zazpi eta erdietan hasiko da emanaldia.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Agresiones y garantías
Jendartea
Caos en la A-8 tras un accidente mortal
Euskal Herria
Dos nuevas citaciones por el acto de homenaje a «Gatza»
Ekonomia
El Pacto de Estabilidad sigue cuestionado por incumplimientos
Mundua
El Ejército de Israel mata a siete personas en Gaza coincidiendo con el final del Ramadán
Kultura
Menchu Galek jasoko du Manuel Lekuona saria
Euskal Herria
El Supremo envía a la Guardia Civil a inventariar las «herriko taberna»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss