Translatines jaialdiak aldaketak aurreikusi ditu hurrengo ediziorako, betiko espirituarekin jarraituz
·Aurtengo edizioak arrakasta biribila bildu badu ere, bi urtero antolatzea eztabaidatuko dute
BAIONA
«Balorazio oso positiboa egiten dugu, arras ongi pasatu da», adierazi zuen Translatines jaialdiko antolatzailea den Chimeres antzerki taldeko partaide Txomin Heguyk. Hala ere, hurrengo edizioari begira zenbait aldaketa eztabaidatuko dituzte hurrengo hilabeteetan. «Guk, lehenengo eta behin, Translatines jaialdia ezagun egin duen espirituarekin segituko dugu, hori da guretzat garrantzitsuena. Baina, aldi berean, lan handia da guretzat, horregatik zenbait aldaketa egitea pentsatzen ari gara», adierazi zuen aktoreak.
Urteroko jaialdiaz gain antzerki ikastaroak eta antzezlanak ere sortzen dituen taldeak bi arrazoi nagusi ikusten ditu bi urteroko edizioa eztabaidagai jartzeko. Honakoa azaldu zuen Heguyk: «Administratiboki oso lan pisua da, batez ere Latinoamerikako taldeak gure artera ekartzeko. Gainera, duela hainbat urtetik aurrekontua ez da handitu, eta zaila egiten zaigu taldeak ekartzea». Translatines bi urtero antolatuz gero aurrekontua handiagoa litzateke, eta lana errazagoa izango zela ere aipatu zuen aktoreak.
Beste aldaketa batzuk ere eztabaidatuko dituzte Chimeres antzerki taldean. «Latinoamerikako eta Estatu espainoleko antzerki taldeekin lanean jarraitzeko asmoa badugu ere, pentsatzen ari gara jaialdiaren eremua irekitzea, Europa erdialdera, beharbada», aipatu zuen.
Baiona erdian urtero ezartzen den oihalpea izan da orain arte jaialdiaren erdigunea, baina hurrengo edizioari begira hirian ireki berri den Elkarteen Etxean egitea aurreikusten dute Chimereseko taldekideek.
Antolatzaileak oso pozik agertu dira. Antolakuntza mailan dena ongi atera da eta ikusleen erantzuna ere oso ona izan da: «Emanaldi guztiak beteak izan dira eta batzuetan jendea errefusatu behar izan dugu», esan zuen Heguyk.
|