Hasi da Goierriko seigarren Sustraiez Blai jaialdia
Londresko ADF Sound System (DJ Set), Jamaikako Big Youth eta etxeko Zorabiok eta Javi P3z DJa izanen dira larunbatean Ordiziako Jakintza ikastolan, 21.00etan hasita. Sustraiez Blai jaialdiko ekitaldi garrantzitsuena hori bada ere, erakusketa, hitzaldia, filma eta bertze musika emanaldi bat ere izanen dira gozagarri egunotan Goierrin.
DONOSTIA
Etxeko eta kanpoko doinuak nahasiko dira larunbat honetan Ordizian. Londrestik etorriko da Asian Dub Foundation Sound System (DJ Set). Hitz kritikoak egiten ditu, immigrazioaren arazoak azaltzen dituztenak, bereziki Indiako eta Pakistango jendeak Londresen izaten dituenak. Hamar urte baino gehiagoko ibilbidean muga artistikoak hausten aritu da, eta horretan dihardu orain ere. «Punka, duba, reggaea, ragga, popa... Taldearen musika atmosferikoa da eta zuzenean doa aurpegira. Hunkigarria da, topikoak apurtzen ditu eta erantzunak bilatzen ditu», jakinarazi zuen Josetxo Sastre anto- latzaileak aurkezpenean.«Big Youth, aldiz, erreferentzia da Jamaikako musikagintzan, eta ohore handia da gurekin izatea adierazi zuen. Azkenaldian disko gutxi kaleratu du reggaearen mito horrek, eta oso gutxitan aritu da zuzenean. Horregatik izango da hain berezia haren ekitaldia jaialdi honetan». Atzerriko artista horiekin batera, Javi P3z eta Zorabiok euskaldunek hartuko dute parte larunbateko ikuskizunean. Le- hendabizikoak DJ gisa lan eginen du eta musika elektronikoa paratuko du. Bigarrenak, berriz, euskal dantzak, kapoeira, akrobaziak eta txalaparta nahasiko ditu. «Oso collage bisuala osatuko dute Xabier Arakamak, Mikel Albisuk, Haritz Garciak eta Oier Bravok», baieztatu zuen Sastrek. Bertze hainbat ekintza izanen da Goierrin: Ormaiztegin Dizebiren grafitien argazkien erakusketa dago irekia eta Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako kideak hitzaldia emanen du bihar gauean. Beasainen, Nomadak TX filma emanen dute ostegunean eta Briganthya arituko da ostiralean.
|