Parisko liskarrak berpiztuko diren beldur da Polizia
Estatu frantseseko Polizia iazko udazkenean hiriguneetako auzo pobreetan sortutako indarkeria berriro piztuko den beldur da. Poliziak onartu du orduko matxinada eragin zuten faktoreak, hala nola, bazterketa soziala eta pobrezia, oraindik badaudela. Azken boladan, gainera, Parisko kanpoaldean tentsio giroa eta istiluak areagotu direla esan du.
PARIS
Estatu frantseseko hiriguneetan istilu larriak sortu zirenetik urte bat beteko da datorren ostiralean, hilaren 27an. Data hori gertu dagoela ikusita, Estatu frantseseko Polizia indarkeria berpiztuko den beldur dago, “Le Figaro” egunkariak argitaratutako Poliziaren txosten baten arabera.Poliziaren esanetan, orduko indarkeria eragin zuten arazo gehienak oraindik badaude. Parisko kanpoaldeko auzuneak dira Poliziaren kezka nagusia, duela urtebeteko liskarrak bertan sortu zirelako. Clichy-sous-Bois auzoan Poliziatik ihesean elektrokutatu ziren gazte biren heriotza izan zen iazko matxinadaren pizgarria. Ondoren, istiluak ia lurralde osoko hiri handietako auzo pobreetara hedatu ziren. Agintariek errepresio gogorra agindu zuten, baina baztertuen matxinada gelditu ezinik, larrialdi egoera ezarri zuen. Hiru astean 200 bat eraikin eskolak tartean, 9.000tik gora auto erre eta ehunka pertsona atxilotu zituzten. Atzo, Parisko kanpoaldeko Grigny barrutian, gazte batzuek autobus bat hustu zuten eta sua eman zioten. Halaber, hiru auto erre zituzten, Poliziak jakinarazi zuenez. Hamahiru urteko mutil bat atxilotu zuen, autobusaren ustezko erretzailea. Zenbait gazteren eta poliziakideren artean, gainera, istiluak izan zirela erantsi zuen.
Lehendakaritza-hauteskundeak Orduko gertaeren lehen urteurrenaren atarian, hedabide ugari auzo horietan dago, eta horrek tentsioa areago dezakeela uste du Poliziak. Horretaz gainera, Lehendakaritzarako hauteskundeak datorren urtean izango dira. Auzo pobreetako biztanleek euren aldarrikapenak aintzat hartzeko deialdia izan daitezke istiluak.
|