Irunen izango den Ikasle Eguneko diskoa IA eta MusikHerriaren eskutik
BILBO
Datorren azaroaren 4an Irungo Ficoban Ikasle Eguna ospatuko dute Ikasle Abertzaleek. Urteroko jaialdia da hori, azaroaren 17ko Ikasleen NazioartekoEgunaren bueltan egiten dena, eta aurreko hitzorduak Amurrion, Usurbilen bitan, Alegian, Villabonan eta Sopelan izan ziren, hurrenez hurren. Aurtengoa, esan bezala, Irungo Ficoban izango da, eta «urtez urte sokak apurtuz» izango du lema nagusia.
IAkoek zera azaldu dute: «Ikasturte hasieran esan genuenez, soka estutuz doa ikasleon eskubideen inguruan, eta, lelo horrekin, soka estutuz joan arren ikasleok egoera zailei aurre egiten eta oztopoak gainditzen beti jakin izan dugula adierazi nahi dugu».
Ikasle Egunak kontzertuak eta ekitaldi politikoak eta kulturalak izan ohi ditu ardatz nagusi. Gauzak horrela, jaialdia arratsaldeko 16.00etan hasiko da harrera ekitaldiarekin. Ondoren, eta arratsalde osoan, kale animazioa izango da, eta 20.00etarako dago aurreikusita ekitaldi politikoa. Ondoren kontzertuak izango dira: Amaiur, SKT Sekuentzia, Kauta, Doctor Deseo, Betagarri, Soziedad Alkoholika eta Berri Txarrak taldeekin.
Hitzordu horretarako MusikHerria disko-etxeko Amaiur taldeak prestatu du abestia, eta, gainera, beste hamar talderen kantuak jasotzen dituen diskoa kaleratu dute IAk eta MusikHerriak elkarlanean. Musika CD hori ostegunetik aurrera izango da salgai Ikasle Eguneko sarrerekin batera Euskal Herriko hamaika tabernatan. Gainera, Xirika gazte kazetarekin ere eskuratu ahal izango da kioskoetan azaroaren 2an.
Ikasle Eguneko informazioa biltzen duen web orrialdea ere prestatu dute, eta kantu hori bertan eskura dago, «www.ikasleabertzaleak.org/ ikasleeguna.php» helbidean.
|