Lana erregulatzeko plana aurkeztuko du gaur Reckittek
·Enpresa batzordeak Enplegu-erregulazio Txostena ez onartzeko eskatu dio Lakuari
Joan den larunbatean Bilbon egindako manifestazioan hiru mila pertsona ingururen elkartasuna jaso ondoren, Reckitteko langileek gaur bertan ikusiko dute zuzendaritzak azkenean aurkeztu duen Enplegu-erregulazio Txostena. Gero, gutxienez 30 egun izango dituzte hori negoziatzeko.
BILBO
Reckitt Benckiser enpresako Zuzendaritzak gaur aurkeztuko die langileei, Bilboko hotel batean, 10.00etan, Enplegu-erregulazio Txostena. Berez aurkezpena joan den ostiralean egin behar zuten, baina formazko akats baten ondorioz ez zen posible izan; dokumentazioaren zati bat ingelesez zegoen, eta langileen zerrenda, gainera, ez zegoen eguneratuta. Horiek hala, txostenaren aurkezpenaren ondotik negoziazio epea irekiko da, gutxienez 30 egunekoa. Denbora horretan akordio batera iristen ez badira, Lakuako Lan Sailak erabaki beharko du onartzen duen ala ez. Gogoratu behar da, horri dagokionean, Reckitteko enpresa batzordeak Enplegu-erregulazio txostena ez onartzeko eskatu ziola Gasteizko Gobernuari. Izan ere, joan den larunbatean Bilbon enpresa batzordeak deituta egindako manifestazioan batzordeko lehendakari Natxo Velascok agertutakoaren arabera, enpresa «errentagarria» da. Batzordearen ustez, enpresa beste toki batera eraman nahi izatea kanpoan «onura gehiago» lortzeagatik da. «Enpresa errentagarria eta emankorra da, talde britainiarrak Europan dituen beste enpresa batzuekin alderatuz, gureak lortutako enpresa-bikaintasunari emandako sariek argi uzten dute hori», argitu zuen Velascok manifestazioan. Hori guztia dela-eta, Administrazioaren papera salatu dute behin eta berriz langileek batzordearen bidez, haien ustez, onurak lortzeko lanpostu egonkorrak suntsituko baitituzte. Ondorioz, Lakuak enplegu-erregulazio Txostena ezin duela onartu uste dute, ez dagoelako hori justifikatzen duen arrazoirik, ezta indarrean dagoen legedian sostenga daitekeen argumenturik ere.
Enkarterrietako etorkizuna
Era berean, Reckitten itxierak, bertako 190 lanpostu suntsitzearekin batera, Enkarterrian eragingo lukeen kaltea ere salatu izan du batzordeak: «Enkarterrietako industria etorkizunarekin ari dira jolasean». Langile horiek guztiek Batasunaren, Ezker Batuaren, Aralarren eta EAren elkartasuna jaso dute.
|