BILBO
Joan den ostiralean Gasteizko Legebiltzarrean Ezker Abertzalea taldeak aurkeztutako Euskara Berreskuratzeko Legea tramitera ez onartzeko erabakiarekin Lakuako Gobernuak euskararen kontra PSOErekin eta PPrekin bat egin duela ziurtatu zuen atzo Batasunak.
«Eztabaidari jarritako betoa oso larria da, elkarrizketari eta parte hartzeari ateak itxi zaizkiolako. EAJk beldur dio euskal herritarren hitzari, eta horregatik ukatzen ditu eztabaida eta informazioa», azaldu zuen bidalitako oharrean.
«Izan ere, indarrean den hizkuntza politika frakasatuarekin euskarak ezingo du aurrera urratsik eman, eta marko berrirako bidean euskarak ezin du atzean gelditu. Euskarak tresna berriak behar ditu aurrera egin nahi badu eta bide horretan Euskara Berreskuratzeko Legea aurkeztu zen», azaldu zuen.
Hortaz, euskarak «orain arte egin duen bezala, EAJre-kin edo gabe», aurrera egingo duela ziurtatu zuen.