Bi ospitaleratu sakabanaketak aurten eragindako 20. istripuan
Joxe Mari Perez Diazen lau lagunek istripua izan zuten igandean, preso zarauztarra Burgosen bisitatu ondoren etxerako bidean zirela. Laurek kolpeak izan zituzten gorputz osoan, eta bi Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan zituzten. Ordubete geroago, etxerako bidean ziren. Sakabanaketa politikak aurten eragin duen hogeigarren ezbeharra da.
DONOSTIA
Istripua 15.30ean gertatu zen, Langraiz parean, eta Joxe Mari Perez preso zarauztarraren lau lagun zihoazen autoa irauli zenean. Burgostik zetozen, bisita egitetik. Horietatik bi Txagorritxuko ospitalera eraman zituzten anbulantzian. Ordubete egin zuten han, eta ondoren, beste biekin, etxera joan ziren.Laurek kolpeak jaso zituzten gorputz osoan, eta bati lepokoa jarri behar izan zioten. Autoak, berriz, kalte handiak dituela jakinarazi zuen atzo Etxerat-ek. Igandekoarekin, 20 dira Euskal Preso Politikoen Kolektiboari aplikatzen dioten sakabanaketak aurten eragindako istri- puak. Ezbehar horietan, errepresaliatuen senitartekoen elkartearen arabera, 43 senide edota lagun kaltetu dira. Etxerat-ek beste datu bat aipatu zuen:Perezek 2002tik aske behar luke, orduan bete baitzituen epaitegi espainolek jarritako kartzela-zigorraren hiru laurdenak. «Beraiek ezarritako zigor beldurgarriak bete ostean ere gure senide eta lagunak ez dituzte askatzen, urrundurik eta bakarturik, eta bizi-baldintza gordinenetan mantentzen dituzte xantaia politikoa egiteko helburuarekin. Hala, gure eta preso dituzten gure senide eta lagunen sufrimendua areagotzen dute», salatu zuen.
Konpromisoa indartzeko deia
«Salbuespen neurri horiek guztiek heriotza eta samina eragiten dute presoengan eta senide eta lagunengan. PSOEeta UMP dirapolitika beldurgarri hori indarrean mantentzen dutenak, eta beraiek dira, beraz, istripu honen arduradunak», gaineratu zuen komunikabideei igorritako adierazpenean.Errepresaliatu politikoen senideen antolakundearen aburuz, bi alderdi horiek presoen eta horien gertukoen biziekin «jolastu nahian dabiltza etekin politikoak lortu nahian. Eta, tamalez, bi estatuen egungo espetxe politika indarrean mantentzen den bitartean, heriotzak eta saminak eguneroko ogi izaten jarraituko dute». Hori dela-eta, dei egin zien herritar eta eragile orori presoen eskubideen defentsan «konpromisoak indartzen» joan daitezen. «Guztien beharra dugu hil, zauritu eta gatazka elikatzen duen politika maltzur hau behin betiko amaitzeko», baieztatu zuen. Era berean, gaixotasun larriak dituzten eta zigorra beterik duten presoak bereha-la askatzeko eskatu zuen, eta EPPK herrira dezatela.
|