DONOSTIA
Asteburu beltza izan da oraingoa Liga Federaleko Lehen Mailan ari diren euskal taldeentzat. Donibane Lohizunek bakarrik irabazi du; Nafarroak eta Maulek, berriz, galdu egin dute.Seigarren multzoan ari da Donibane Lohizune, eta harena izan da asteburuko garaipen bakarra. 12-11 irabazi zuen Lurdaren aurka. Gorri-berdeek lan handia egin behar izan zuten, baina azkenean puntuei eutsi ahal izan zieten. Haisagerrek egin zituen Donibane Lohizuneko puntu guztiak, lau zigor-kolpe gauzatu baitzituen.
Maulek ere etxean jokatzen zuen, baina galdu egin zuen, 6 eta 19, Blagnacen aurka. Zuberotarren puntuak Landarribilkok egin zituen bi zigor-kolpe gauzatuta.
Nafarroak, berriz, etxetik kanpo jokatu zuen Lavaur taldearen aurka, eta hori-gorriek 33 eta 3 galdu zuten. Darritxonek egin zituen euskaldunen puntuak zigor-kolpe bat gauzatuta.
Sailkapenari begira, bosgarren multzoan, Nafarroa hirugarren dago 11 punturekin; eta Maule, berriz, zazpigarren dago 8rekin. Seigarren multzoan, Donibane Lohizune laugarren dago 11 punturekin.
Bigarren Mailan, berriz, etxean aritu den taldeak, Donapaleuk, galdu egin du, eta etxetik kanpo aritu den taldeak, Bokalek, irabazi.
Donapaleuri asko ari zaio kostatzen BigarrenMailari tamaina hartzen, eta mailari eusteko borroka handia egin beharko du. Herenegun, 19-30 galdu zuen Casteljaloux-en aurka. Bergesek egin zuen Nafarroa Beherekoen entsegua, eta Tauzionek lau zigor-kolpe eta transformazio bat gauzatu zituen.
Bokalek partida ona egin zuen, eta 6-22 irabazi zuen Nogaroren zelaian. Lescak, Lamothe-k eta Corrad-ek egin zituzten lapurtarren hiru entseguak. Lamothe-k transformazio bat gauzatu zuen, eta Gourdonek bi zigor-kolpe egin zituen.
Hirugarren Mailan, berriz, honako emaitza hauek izan ziren: ASB 17 / Corraze Nay 15; Bardoze 8 / Pont-Long 3; Villenauve de Marsan 31 / Hendaia 7; Angelu 34 / Lembeye 3; Mugerre 9 / Rion 16 eta Senpere 10 / Larresoro 5.
Ohorezko B Maila
Ohorezko B Mailan, Hernanik sailkapeneko lehen postuetan jarraituko du Vigoren zelaian 18 eta 19 irabazi baitzuen. Partida irabaztea asko kosta zitzaion, baina amaieran garaipena poltsikoan hartuta etxeratu ziren gipuzkoarrak. Otxotorenak, Pelazek eta Otañok egin zituzten Hernaniren entseguak. Garmendiak bi transformazio gauzatu zituen.Durangok ere lehendabiziko garaipena eskuratu zuen 32 eta 7 Oviedo menpean hartuta. Bizkaitarrek oso partida ona egin zuten, eta erraz eraman zuten garaipena. Gernika, berriz, ez dabil iaz bezala. Oraingoz, partida guztiak galdu ditu, eta azkeneko jardunaldian 48 eta 5 galdu zuen Alcobendasen; azken postuetan dago.
Nazional Mailako emaitzak, berriz, hauek izan ziren: Eibar 13 / Zaragoza 7; Gaztedi 41 / La Unica 0 eta Baztan 11 Atletiko San Sebastian 7.