GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-10-26
EOSeko langileek ez dute greba egitea baztertzen
·«Europako beste edozein orkestratan baino %20-40 gutxiago kobratzen dugu»

«Astean 40 orduz aritzen gara lanean eta 15.000 kilometro egiten ditugu urtean. Europako beste edozein orkestratan baino %20 edo 40 gutxiago ordaintzen digute, ordea», salatu du EOSeko enpresa batzordeak. Legeak ematen dituen aukera guztiak baliatuko dituzte aldarrikapenak defendatzeko.

DONOSTIA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikarien lan baldintzak okertu egin dira hogeita bost urteotan. Hala adierazi zuten ordezkariek prentsaurrekoan, Jean-Luc Casteret lehendakaria buru zutela.

«Langile eta areto gehiago baldin badauzkagu ere, profesionalen egoera ekonomikoa txarragoa da lehen baino, berandu etorri baitira soldata igoera guztiak, eta Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) baino baxuagoak izan baitira», salatu zuten. Bitartean, lana biderkatu egin da: «Astean berrogei orduz jarduten dugu eta urtean hamabost mila kilometro egitera iristen gara. Estatu espainoleko orkestra guztietatik behar gehien egin eta gutxien kobratzen dugunak gara». Bartzelonako Orkestrak, errate baterako, emanaldi gutxiago izaten du urtean, eta, halere, soldatak %31 altuagoak dira.

Horrek guztiak artistengan duen eraginaz mintzatu ziren enpresa batzordeko kideak: «Baldintzak ikusita, profesional batzuek taldea utzi ere egin dute, eta horrek kalte egin dio kalitateari».

Egoerari irtenbidea emateko, zera proposatu zuten enpresa batzordekoek:«Soldata igotzeko plana prestatu dugu, hiru urtetan %24ra behintzat iristeko. Bartzelonako edo Valentziako soldaten mailara ez ailegatu arren, merezitako ordaina jasoko lukete horrela langileek». EOSeko zuzendaritza artistikoarekin adostu dute proposamena, beharginen aldarrikapenak «ulertzen» baitituzte zuzendariek. Eusko Jaurlaritzakoek eman dieten erantzuna, ordea, «etsigarria» izan da: «Edozein unetan bertan behera gelditzen ahal diren sariak eskaini dituzte, urteko %2,5ekoak».

Informazioa zabaltzea izanen da batzordearen aste honetako lana. Hurrengo egunetan, berriz, bilera orokorra eginen dute eta azaroaren 8an Miren Azkarate Gasteizko Gobernuko Kultura sailburuarekin solastatuko dira.

«Pazientzia handia izan dugu. Patxadaz hasi baginen ere, orain prest gaude legeek ematen dituzten aukera guztiez baliatzeko gure aldarrikapenak aintzat har ditzaten», ohartarazi zuten langileen ordezkariek. «Ez dugu baztertzen greba mugagaberako deia egitea ere».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Una iniciativa para abrir otras puertas
Euskal Herria
Ya no es un «asunto interno»
Euskal Herria
La denuncia de la tortura resuena dentro de la Sala
Euskal Herria
Hiru egunotan ehundik gora herriko taberna arakatu dituzte poliziakideek
Euskal Herria
Balza engańó al Parlamento
Ekonomia
Mueren dos trabajadores atropellados en Armińon y otro de infarto en Berrioplano
Mundua
Pinochet ocultaba nueve toneladas de oro en Hong Kong
Euskal Herria
Una amplia delegación vasca acompańa el histórico debate en el Parlamento Europeo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss