«Ibilian» diskoa, doinu lasaien eta sentipenen batura
·Aurreneko lana plazaratu du Garbiñek, Mikel Errazkinen laguntzaz
Artista ezagunen babesa izan du Garbiñek «Ibilian» lehendabiziko diskoa osatzeko; Mikel Errazkinena (musika zuzendaritza eta pianoa), Xabi Lopezena (gitarra) eta Txema Garcesena (kontrabaxua eta baxua). «Abesti lasaiak sortu ditut, pop melodikoa, jazza eta folk amerikarra uztartuta».
DONOSTIA
«Zortedun sentitzen naiz oso hasi zen Garbiñe hernaniar gaztea Hirusta Recordsekin kaleratu duen lanaren aurkezpenean. Pozik nago hemen nagoelako eta Mikel ondoan dudalako. Konfiantza izan du nigan prozesu osoan. Bere ilusiorik eta ahaleginik gabe ez nuke nerabezaroko ametsak errealitate bihurtzeko modurik izango».
Hamabost-hamasei urterekin ikasi zituen Garbiñek gitarraren lehenengo akordeak, eta orduan ekin zion kantuak sortzeari. Zenbait kontzertu xume ematea ere lortu zuen, herriko gaztetxean eta taberna batzuetan, baita unibertsitatean ere. Madrilera antzerkia ikastera joan zenean, alboratu egin zuen pixka bat musika. «Orain bi urte Euskal Herrian maketa grabatzea eta zenbait diskoetxetara bidaltzea erabaki nuen arte», ekarri zuen gogora musikariak.
«Oso kalitate txarreko maketa zen, duela hamar urtekoa zirudien. Disko oso ederra egiteko adinako talentua bazela ikusi nuen, ordea. Horregatik deitu nion», azaldu zuen Mikel Errazkinek.
Bitartean, Parisko kaleetan ibili zen hernaniarra kantari, anplifikadorea eta mikroa lagun. «Itzultzean, oso proposamen polita egin zidan Mikelek, eta duela hamar hilabete ekin genion lanari. Oso xelebrea izan da prozesua, antzerkia egiten aritzen bainaiz eta asko bidaiatu behar izaten baitut. Horrek zaildu egin du lana. Ederra eta bizia izan da dena eta gustura nago emaitzarekin», adierazi zuen Garbiñek. Jarraian, eskerrak eman zizkien Xabi Lopezi, Txema Garcesi, Igor Telletxeari, Urbil Artolari eta gainerako adiskide guztiei, bakoitzak bere ukitu berezia oparitu dio-eta.
Hamar abesti ditu diskoak sabelean, baita “Zalantzaren txingarrak” kantaren bideoklipa ere. «Izugarri gustatzen zaizkit hizkuntzak aitortu zuen artistak. Bakoitzaren nortasuna bilatzea maite dut. Frantsesez eta euskaraz abesten dut, oso goxoak iruditzen baitzaizkit. Gainera, Parisko lagunek idatzi dizkidate zenbait testu. Ingelesezko kantak ere sortu ditut, txikitatik ikasi dudalako eta nortasuna interesatzen zaidalako. Testu bakoitza une bateko sentsazioen isla txikia da».
|