GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-10-26
Joxan Azpirotz - Larraungo alkate ohia
Atzera begirada bat

Orain dela lau urte PPko Espainiako Gobernuak PSOE eta Estatuko indar faktiko guztien laguntzaz Euskal Herriaren autoorganizazioan (autodeterminazioa praktikan jarriz) lanean zebiltzan eta gehien nabarmentzen ziren erakundeen kontrako exterminazio politika muturrera eramateko erabakia hartu zuen. Ondorioak: Erakunde politiko zein sozialen ilegalizazioa, egunkariak ixtea, ehunka pertsonaren kontrako jazarpena, kartzela, torturak areagotzea, ehun mila pertsona baino gehiagoren bozak zakarrontzira botatzea...

Eta laster berriro hauteskundeak, eta ustez Nafarroan orain aldaketa tenorea heldu omen da. Baina noren eskutik? Ba PSOE eta Nafarroa bairenetik, diotenez. Zeren ezker abertzaleak oraindik basamortuaren zeharkaldia egiteke omen dauka. Eta zein ote penitentzia bide hori? Agian PSOE-PSNk egindakoa? Francoren ondorengo PSOE, Nafarroan behiala PSE, eta oraingo PSNren programen arteko erlazioa aurkitzeko antonimoen hiztegi bat behar da. Nafarroa bairi ere horrelako eboluzio bat exijituko ote diote homologarri izateko? Egia esan hauek hain zaila ere ez dute. Nafarroan garrantzizko diren gaien inguruan (AHT, Itoitz...) zerbait demostratu badute azken hiru urte eta erdietan izan da bere barnean hiru jarrerak (aldekoa eta kontrakoa, gehi dudakoak) bizi direla: ondorioz beti abstentziora jo dute (jarrera koherentea inondik ere).

Bere garaian idatzi nuen artikuluxkan nire iritzia eman nuen NaBai-ren sorreraren zergatiaz eta berretsi egiten dut, hau da, bere sorrera ezker abertzalearen ilegalizazioaren ondorioz honen bozemailearen ehiza egitea zen (Nafarroan abertzaleen arteko indar nagusia). Orduan jada igartzen zen Estatuak edozein trikimailu sasi-legal erabiliko zuela ilegalizazioa azken herriraino zabaltzeko eta edozein zerrenda susmagarri baliogabetzeko, eta hala izan zen.

Lehenengo garbiketa HB edo EHko aurreko zerrendetan egondakoren bat bilatzea izan zen. Horrela baliogabetu zituzten zerrenda gehienak, adibidez Larraungoa, neu alkate nintzelako orduan EHren izenean eta Larraungo Ahotsak izeneko zerrendan hirugarrena. Baina hala ere Nafarroan 20.000 bozka inguru lortu zituen ezker abertzaleak, guztiak zaborrontzira hustuz eta demokraziaren funtsezko printzipioa deuseztatuz (pertsona bakoitzaren botoa sakratua da). Honen aurrean bi jarrera izan ziren, bat neurria txalotzearena (UPN eta PSOE) eta bestea isiltzearena edo zuritzearena (zergatik ez dituzue zerrenda «garbiak» aurkeztu? esan ziguten batzuek. Baina zer demontre, legendunak ote gara bada?).

Pasa dira ia lau urte eta galdera da, zer dela eta orain berriro NaBai koalizioa bere barnean eta funtsezko gaietan horrelako kontraesanak egonik? Nire ustez beren helburu nagusia da ezker abertzalearen ilegalizazioaren ondorioz jasotako mailegu-bozak beren zakuan mantentzea, ahal dela. Eta horretarako formula oso sinplea da: UPNren mamua astintzea, kosta ahala kosta gobernutik bota behar da eta NaBai prest dago PSNri bere baldintzarik gabeko babesa emateko (beno suposatzen da ordaintxoren bat ere eskatu eta emango dietela, bizirauteko besterik ez bada ere).

Kontua ordea bestelakoa da, Nafarroak behar duena ez da pasteleo hauetan aritzea edo segitzea (ez dezagun ahaztu besteak beste Urralbururen PSNk ekarri gintuela oraingo atakara) UPNk Nafarroako sektore handi batengan sortzen duen izuaz baliatuz. Basamortuko zeharkaldia egin behar duena eta bide beretik baina atzera PSN da. Ibilian aurkituko du hainbat bidegurutze atzera egiteko bide zuzenetik (Euskararen legea eta zonifikazioa, Itoitz, Ikurren legea, ezker abertzalea ilegalizatzeko Legea, Nafarroa, Euskal Herria, Autodeterminazioa, Sozialismoa).

Hau da benetan nafar askoren nahia eta uste dut oraingo prozesu politikoak aurrera egin dezan oinarri sendoak behar dituela, hor aipatu ditut batzuk, bestela «bakea» «legalizazioa» eta horrelako hitz hutsen amaraunean biraka galtzeko arriskua dago. Une hau oso garrantzitsua eta oso zaila da aldi berean, horregatik printzipio edo oinarri hauei sendo eutsiko dion indar politiko eta sozial handi baten ezean porrot egingo du.

PD: Ez gaitzatela engaina, argi dago zein sektore politiko eta sozialek eutsi dien (baita eutsiko ere) koherentziaz printzipio hauei. Hartuko duen izena da gutxiengoa. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Una iniciativa para abrir otras puertas
Euskal Herria
Ya no es un «asunto interno»
Euskal Herria
La denuncia de la tortura resuena dentro de la Sala
Euskal Herria
Hiru egunotan ehundik gora herriko taberna arakatu dituzte poliziakideek
Euskal Herria
Balza engañó al Parlamento
Ekonomia
Mueren dos trabajadores atropellados en Armiñon y otro de infarto en Berrioplano
Mundua
Pinochet ocultaba nueve toneladas de oro en Hong Kong
Euskal Herria
Una amplia delegación vasca acompaña el histórico debate en el Parlamento Europeo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss