OROZKO
Orozkoko Supelaur kultur taldeak VI. Gaztaina Eguna antolatu du. «Kirikinauzi» deitzen dieten gaztainen gordelekuak berreskuratzeko helburuarekin sortu zuten jaia, eta domekan ospatuko dute.
Eraikin horiek neurri askotakoak izaten dira, teilaturik gabekoak, eta harri hutsezko hormak dituzte. Forma biribileko leku horiek gaztainak morkots eta guzti gordetzeko erabili ohi dituztela jakinarazi dute.
Orozkoko eta inguruetako basoetan kontserbatzen dira gehienak. Supelaur taldeak azaldutakoaren arabera, azken urteetan egin duten beharra «ez da makala izan», eta Laudio eta Aiara inguruan «kortina» edota Arrankudiagan «kirikino leku» deitzen dieten eraikin horiek garbitzen ibili dira, bai eta horma zatiak berriztatzen ere. Antolatzaileek honako hau adierazi dute: «Gure basoetako bazterretan lagata geratu diren garai zaharraren leku isilak berreskuraztea izan da erronka nagusia».
Aurtengo jaialdian, datorren urtean osatu gura duten «Kirikinauzien lehenengo ibilbidea» erakusteko asmoa dute. Ibilbide horretan zeuden eraikin asko desagertu badira ere, aurten ikusi ahal izango direnak berreskuratzeko proiektu batean sartuta daude; Lastrabe mendikoak dira, eta berriztuta eta guztiz seinalizatuta dagoen Irukusigietakoa ikusteko aukera izango da.
Domekan egingo dituzten ekitaldien bidez, gaztainaren inguruko tradizioa ez ezik, gaztainadiek duten garrantzia ere goraipatu nahi dute.