Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azokak ia 200 ekoizle hartuko ditu
Gernikako Azken Urriko Asteleheneko Azokak 180 ekoizle hartuko ditu aurten, XXVIII. edizioan. Azken urteetan inoiz baino bisitari gehiago izan dituen hitzordu horretara joateko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute, ehun mila bisitari inguru espero baitituzte. Baserriko produktuak ez ezik, eguerdian bertsolariek agerraldia egin ostean izaten den gazta enkantea da beste erakargarritasun nagusi bat, horretan ere marka guztiak hautsi baitituzte.
GERNIKA
Urriko Azken Asteleheneko Azokako protagonista nagusiak hautatu ditu Udalak; izan ere, atzo jakinarazi zuenez, ia 200 ekoizle hartuko ditu Euskal Herriko azoka ezagunetarikoa den Gernikako horrek datorren astelehenean. Baserritarrak hautatzeko irizpide bakarra erakusten dituzten «produktuen kalitatea» ziurtatzea da antolatzaileen esanetan. Horren arabera azterketa egin ostean, 58 gaztagile izango dira Gernikan eta 25 txakolin ekoizle. Gainera, 24 lagunek erakutsiko dituzte etxeko barazkiak; beste horrenbestek eroango dute ogia eta pastela, eta neurri txikiagoan, Gernikako kaleek lore eta landareen 8 ekoizle, 12 fruitu erakusle, 6 ezti ekoizle, 7 sagardo egile eta 8 kontserba egile hartuko dituzte. BBK arduratuko da lanpostuak jartzeaz, guztira 280 saltoki baino gehiago egokituko baitituzte herriko hirigunean. Erakunde berak barazki, fruitu, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta ataletan lehiaketa antolatzen du. Aurten, 3.000 euro banatuko ditu saritan. Bestalde, kontuan hartu behar da Idiazabalgo gazta txapelketako lehen sarituak eguerdiko enkante ospetsura eroaten dituztela, eta ekitaldi horren etekinak Kaltzada zaharren egoitzarako izaten dira. Iaz, enkante horrek ere marka guztiak apurtu zituen, 3.950 euro ordaindu baitzituen Bengo Etxe Gernikako jatetxeak saritutako gaztarengatik. Azokaren inguruan baserritarrentzako jardunaldiak egiten ari dira egunotan Elai Alai aretoan, eta domekan, Gernikako indabak dastatzeko aukera izango da. Gainera, azoka dela-eta, Astrako gazteek Lurraren Azoka antolatu dute, baserriaren eta baserritarren egoeraz hausnartu eta beste helburu batzuk lortzeko: «Kontsumo-ohituren inguruan eragitea, munduko nekazari txikiak euren bizibideari eusteko egiten ari diren lana azaltzea, lurraren espekulazioa salatzea edota egungo hazkunde eredua zalantzan ipintzea». Egitarau horretan, gaur bertan «Zer jan, hala izan» hitzaldira Jose Ramon Mauleon EHUko soziologoa eta Mikel Kormenzana EHNEko Bizkaiko presidentea gonbidatu dituzte. Bestalde, EuskoTrenek zerbitzu bereziak jarriko ditu. Bilbo eta Bermeo artekoak ordu erdian behin ibiliko dira, eta 15 minuturo Zornotzatik.
|