PATek elkarretaratzeak egiten hasi du ikasturtea
DONOSTIA
Presoen Aldeko Taldeek (PAT), unibertsitateetan euskal preso politikoen eskubideen defentsan lan egiten duten taldeek, ikasturteko plangintza abiatu zuten atzo, azken asteazkenetako elkarretaratzeak eginda.
«Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira» lelopean elkarretaratu ziren Leioako campusean (54 lagun bildu ziren), San Mamesko Eskolan (15), Deustuko unibertsitatean (25), La Casillan (8), Sarrikon eta Enekuriko Irakasle Eskolan.
PATek azaldutakoaren arabera, abendua bitarte Ibaetako Manifestuari egindako atxikimenduak bilduko dituzte ikasle, irakasle eta langileen artean.
Bestetik, larunbatean Arrasaten gose-grebari ekin zioten lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo, Oñatin. Orotara, 70 lagun egon ziren bertan. Gaur, alderdi politikoetako ordezkari eta Arrasateko hautetsiekin bilduko dira. Bestalde, Atarrabian 35 lagun bildu ziren presoen eskubideen alde.
|