GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-10-28
Gotzon BARANDIARAN | Bihotz Bakartien Klubeko eta Literatura Eskolako kidea
«Irakurtzen badakigu, baina, oro har, gure irakurketak oso azalekoak dira
Literatura Eskolako ikasturte berriari hasiera emango diote gaur. Ekimen hori orain dela bost urte abiatu zuen Bihotz Bakartien Klubak, Larrabetzun, baina aurten, sorlekuan ez ezik, Arabako, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako beste sei herritan ere gauzatuko da, tokian tokiko hainbat elkarteren auzolanari esker. Gotzon Barandiaranek nabarmendu duenez, aurrerapauso garrantzitsua da, alde batetik, ekimenak «dimentsio nazionala» hartu duelako eta, bestetik ­eta batez ere­, gurean literaturazaletasuna egon badagoela agerian uzten duelako.

Gaur, Larrabetzun, kanturako testuei buruz arituko dira Koldo Izagirre eta Joseba Tapia; azaroaren 18an, Hernanin, Pako Sudupek Nemesio Etxaniz eta Andima Ibiñagabeitiaren erbesteko literatura izango du hizpide; abenduaren 16an, Errenterian, “Literatur kritikaz: zenbait terrorista” hitzaldia egingo du Markos Zapiainek; urtarrilaren 13an, Gasteizen, «Lolitismoa»z mintzatuko da Katixa Agirre. Eta horrela, hilabetez hilabete, ekainaren 16ra arte, euskal eta mundu literaturari buruzko hainbat gai jorratuko dituzte eskolako kideek.

­Zer da, zehatz-mehatz, Literatura Eskola?

Bihotz Bakartien Klubak 2001. urtean Larrabetzun sortu zuen ekimen bat da. Irakurle bezala, informazio eta erreferentzia askoren faltan ginela konturatuta, zera erabaki genuen: interesatzen zitzaizkigun hainbat gai aukeratzea, horiei buruz hitz egitera pertsona adituak-edo gonbidatzea eta, gero, pertsona horiekin gure iritziak partekatzea. Horrela sortu zen Literatura Eskola.

­Beraz, ez da idazle eskola, irakurle eskola baizik.

Bai, gurea irakurtzen ikasteko eskola da, dakiguna partekatzeko eta erreferentziak lortzeko, esaterako, bestsellerismo-tik eta, oro har, mundu anglosaxoitik aparte zer dagoen jakiteko.

­«Bestsellerismo»tik aparte? Argitu hori, mesedez.

Gehien irakurtzen diren liburuak mundu anglosaxoitik gaztelaniara itzulita datozkigun best-seller-ak dira. Baina hori ez da munduko literatura; hori ekonomikoki oso indartsua den industria baten produktua da; hori munduko literaturaren zati bat baino ez da. Hortik aparte askoz gauza gehiago dago, eta eskolak horren arrastoan ipintzen gaitu.

­Galdera inozo bat: ba al dakigu irakurtzen?

Ezetz konturatu gara. Letrak bata bestearen atzean nola irakurri behar diren badakigu, baina, oro har, gure irakurketak oso azalekoak direla konturatu gara. Esaterako, euskal literatura gutxi gorabehera ezagutzen genuela uste genuen, baina, eskoletan agerian geratu denez, ez uste bezain ondo. Lehendik ezagutzen genuen libururen bat eskolaren ostean berriro irakurri eta beste liburu bat irakurri dugun sentsazioa izan dugu. Gainera, bakoitzak bere begiak ditu, eta eskolakideok begiak elkarri eskaini dizkiogu. Begiak konpartituz, liburu batek eskain dezakeena zenbat zabaltzen den ikusi dugu. Asko ikasi dugu batak bestearengandik.

­Lau urtez, Larrabetzun egin duzue Literatura Eskola. Aurten, berriz, Larrabetzun ez ezik beste sei herritan ere egingo duzue.

Gure asmoa hasiera-hasieratik Euskal Herri mailako zerbait egitea izan zen. Azken urteotan ere, eskola gehienak Larrabetzun eman ditugun arren, bakar batzuk Larrabetzutik kanpo eman ditugu. Aurten, berriz, aurrerapauso garrantzitsua egin dugu. Tokian tokiko hainbat elkarterekin auzolanean, zazpi herritan egongo gara, zehatz-mehatz, Larrabetzun (Bihotz Bakartien Kluba), Hernanin (Natza), Errenterian (Mikelazulo), Gasteizen (UEUko Literatura Saila), Iruñean (Euskaldunon Biltokia), Azpeitian (Uztarria), Senperen (Hatsa) eta Lazkaon (Goierriko Kastak).

­Zer moduz matrikulazio kanpaina? Izan ere, eskolan parte hartu nahi duen jendea aldez aurretik matrikulatu behar da.

Gure aurreikuspenak bete egin dira. Orain arte, Larrabetzun izanda, nahiko talde finkoa lortua genuen, eta beldur ginen, eskolak hainbat herritan sakabanatuta, talde hori apurtuko ote zen. Ez da apurtu, ordea, eta, gainera, jende gehiago inguratu zaigu. Ia 50 lagunek eman dute izena, bai ikasturte osoan parte hartzeko, bai eskola jakin batean edo batzuetan parte hartzeko. Izan ere, bi aukerak eskaini ditugu. Bestalde, jendea ez beldurtzeko, matrikula 10 eurokoa baino ez dela esan beharra dago. Matrikula sinboliko hori ipini dugu jendeak ez dezan uste hau ez dela gauza serio bat. Gauza bat da akademizismotik kanpo egotea ­esaterako, guk ez dugu unibertsitate-krediturik ematen­ eta beste bat serioa ez izatea. Hamar euroko matrikularen bidez seriotasuna azaldu nahi dugu eta, aldi berean, ikasteko ez dela aberatsa izan behar erakutsi. Izan ere, gaur egun edozer gauza ikasteagatik kristoren dirutza eskatzen da. Bada, Literatura Eskolan, ez.

­Aurrera begira?

Ilusio handia dugu. Instituzioetatik kanpo dauden hainbat elkarte batu dira, eta, bitarteko gutxirekin, oso lan txukuna egiten ari dira literatura zabaltzen. Gainera, elkarteen arteko auzolan honek gerora begira ere beste fruitu batzuk ekarriko dituela uste dugu. Proiektu hau euskal kulturarentzat oso garrantzitsua izan daitekeela iruditzen zaigu. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Zapatero rechaza las llamadas a parar el proceso, pero remarca sus «reglas»
Mundua
La periferia parisina se lamenta de que la muerte de los dos jóvenes haya sido inútil
Iritzia
Más allá de las palabras
Kirolak
Lotina afronta el reto con «ilusión y entusiasmo»
Jendartea
«La felicidad depende más de las relaciones interpersonales que del dinero o la salud»
Euskal Herria
El fiscal brinda dos posibilidades al tribunal para que retenga a De Juana en prisión
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss