Makina erremintako ordezkariak bildu dira Elgoibarren
ELGOIBAR
Elgoibarko IMH institutuak “30+10 Mintegia: Makina Erreminta arloko enpresen erantzukizun soziala, euskara baliabideak eta praktika onak” izenburua duen jardunaldia egin zuen herenegun, eta makina erremintaren sektorearen munduko 80 lagun bildu zituen. Antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez, mintegian 22 hitzaldi entzun ahal izan ziren. Horrela, Danobat, Etxepe, Kondia, Elay, IMH, Incress, Lealde, Panelfisa eta Euskalan enpresen kasuak ezagutu ziren; batzuek zuzenean aurkeztu zituzten, eta beste batzuek hizkuntz aholkularitzaren bitartez: Ahize-AEK, Elhuyar eta Emun. Fagor Automationek erakustaldi bat egin zuen IMHko lantegietako makinetan, bere CNC eleanitzarekin. Produktuak eta zerbitzuak ere aurkeztu zituzten, eta Artez, Codesyntax, Plazagunea, Igarle, Eleka eta Indaba-kam enpresek eta Euskadiko Kutxak (CLPk) beraien aplikazio informatikoak azaldu zituzten. “Ardatza” egitasmoa ere aurkeztu zuten, Debabarreneko udalen ekimena enpresetan euskara planak sustatzeko. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek enpresak euskalduntzeko konpromisoak eta proiektuak aurkeztu zituzten. Esan bezala, 80 entzule izan ziren atzoko jardunaldian, besteak beste, enpresak, aholkularitzak, lanbide heziketako ikastetxeak, euskalgintza, udalak eta administrazioak.
Hiru enpresei omenaldia Gainera, esker on eta aitortza omenaldia egin zioten sektoreko hiru enpresei, Danobat, Etxepe eta Kondiari, euskara sustatzeko urteetan egindako ibilbideagatik. Ińigo Unanue IMHko teknikariak landutako "Txirbil-harroketa" eskuliburua ere aurkeztu zuten. Enpresa eta ikastetxeetan erabilgarria da eta fabrikazioan beharrezkoak diren oinarrizko instrukzioak biltzen ditu liburuak.
Jardunaldiaren helburua sektorearen inguruan diharduten enpresengana hurbildu eta euskaraz garatutako praktika onak, zerbitzuak, makinak eta tresnak ezagutaraztea izan zen, egun merkatuak eskaintzen dituen aukerak ezagutu ditzaten.
|