GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-10-28
Sri Lankako agintariak eta gerrillari tamilak aurrez aurre, berriz, Suitzan
Azken asteotako borroka eta sarraskien ostean, oso itxaropen txikiarekin begiratzen diote bitartekariek gaur eta bihar Genevan tamilek eta Sri Lankako agintariek egingo duten negoziazio ahaleginari. Europar Batasunak adierazi die bi aldeei «gatazkak ez duela irtenbide militarrik, politikoa baizik».

GENEVA

Bi aldeak joan den otsailean elkartu ziren azkenekoz. Bilerak bukatu ostean adierazi zutenez, erasoak eta borrokak gutxitzeko ahalegina egin behar zuten. Nazioarteko agentziek atzo eman zituzten datuen arabera, otsailaz geroztik 3.000 pertsona hil dira gatazkaren eraginez. Atzo bertan, esaterako, itsas borrokak egin zituzten eta tamilek bi gazte hil zituzten Trincomalee hiritik gertu.

«Gauza handirik ez dugu espero Genevako hitzordutik, baina elkarrizketatzen jarraitzean adostuko balira, aurrerapausoa izango litzateke», adierazi dio France Presse agentziari Genevako Nazioarteko Konferentzia Zentroan egingo dituzten bilerak antolatzen ari den diplomazialari batek.

Ekainean beste negoziazio ahalegin bat egitekoa zuten Oslon, Norvegian, baina ezerezean geratu zen tamilek beste aldekoen ordezkaritzak behar adinako mailarik ez zuela pentsatu zutelako. Oraingoan, berriz, Kolonbok lau ministro bidali ditu Genevara. Tamilek hamalau ordezkari izango dituzte, S. P. Thamilselvan buru dutela.

Gerrillarien lehentasuna arazo humanitarioak konpontzea da, batez ere tamilak nagusi diren Jaffna penintsulara doan errepidea ­borroken eraginez abuztuan itxita geratu zena­ berriz zabaltzea. Errepide hori itxita dagoelako, milioi erdi pertsona oso larri daude, janariak-eta jasotzen ez dituztelako. Gobernuak tarteka itsasoz bidaltzen dituen gauzak besterik ez zaizkie iristen. «Gobernuak errepidea zabaltzea onartzen ez badu, aurrerantzean ez da posible izango negoziazio gehiago egitea», esan du Daya Master gerrillarien eledunak.

«Eztabaida oso zaila izango da eta inork ez du pentsatu behar bi egunetan konponbidea aurkituko dugunik», esan du, berriz, Siripala de Silva Sri Lankako Osasun ministroak.

Kolonboren ustez, egun arazo humanitarioak ez dira garrantzitsuenak. Horregatik dio gatazkaren irtenbide politikoaz aritu behar dutela Genevan.

Europar Batasunak dio ez dagoela irtenbide militarrik.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Zapatero rechaza las llamadas a parar el proceso, pero remarca sus «reglas»
Mundua
La periferia parisina se lamenta de que la muerte de los dos jóvenes haya sido inútil
Iritzia
Más allá de las palabras
Kirolak
Lotina afronta el reto con «ilusión y entusiasmo»
Jendartea
«La felicidad depende más de las relaciones interpersonales que del dinero o la salud»
Euskal Herria
El fiscal brinda dos posibilidades al tribunal para que retenga a De Juana en prisión
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss