GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-10-28
«Sexu-hezkuntza curriculumean sartu behar da»
Bizigay, EHGAM eta Queer Ekintza elkarteek, Estatu espainoleko sexologiako profesionalak biltzen dituen AEPSren laguntzarekin, Edusex Bilbao 06 jardunaldiak antolatu dituzte. Aurkeztutako txostenetan, Euskal Herrirako curriculum propioa osatzen ari den honetan, «sexu hezkuntza arlo indartsu bat» aldarrikatu zuten atzo.

BILBO

«Sasoiz gabiltza» Euskal Herrirako curriculum berria osatzen ari diren honetan «sexu-hezkuntza arlo indartsu eta enborreko bat sartzeko».Horixe izan zen, hain zuzen, atzo Xabier Iturbe eta Iñaki Karrera sexologoek proposamena baino, egin zuten aldarrikapen zuzena.

Iturbe, sexologoa, Pedagogian doktorea eta Filosofian lizentziaduna da, eta Lekeitioko eskola publikoko zuzendaria da. Karrera sexologoa eta pedagogoa ere bada, eta EHUko irakasle laguntzailea, Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Sailekoa.

Aditu biek «Ikastetxeen errealitatea. Etorkizunerako bidea» izenburua duen hitzaldia eskaini zuten. Hala, orain arte eskolan sexu-hezkuntzak izan duen trataera errepasatu zuten lehenengo atalean, eta bigarrenean zenbait proposamen egin zituzten etorkizunari begira, atal hori curriculumean «enborreko» bihurtzeari begirakoak.

Iturbek sexu-hezkuntzaren garrantzia nabarmendu zuen, eta hezkuntzaren barruan «sistematizatua eta jorratua» izan behar duen atalaren aldeko apustua egin zuen. Azaldu zuenez, azken 30 urteetan joera «nahiko akademizista izan da, eta sexu hezkuntza alde batera utzi da». Autokritika ere egin zuen. «Sexologook ez gara oso fin ibili», esan zuen Iturbek, sarritan aditu horien betebeharra ikastetxeetatik egindako dei bati erantzunez ziklo batzuk ematera mugatu delako.

Ez da osasun kontu bat

«Sexologook ikastetxeetan ez dugu gure lana oso argi izan. Batzuek sexu-hezkuntzak curriculumean arlo bat izan behar duela pentsatzen dugu, bere ordutegiarekin, baina ez osasunarekin lotuta, ez baita gaixotasun bat, balioekin lotu beharre- koa baizik», azaldu zuen.

Ideia horretatik abiatuta, hezkuntza sisteman egindako urratsak errepasatu zituen, eta Mº Jose Urruzolak egindako ekarpena goraipatu zuen. «Bizkaian eskoletan programak bultzatzen eta materiala sortzen» egin zuen lana nabarmendu zuen bereziki. Aurrerapausoak egon badira ere, sexu-hezkuntza arlo «periferikoa» izan dela azaldu zuen.

Adibide modura, gaurko sisteman «errepide segurtasuna sexu hezkuntza baino gehiago» jorratzen dela kritikatu zuen, eta errealitate horren aurrean autoak pertsonak baino garrantzitsuagoak direlako izango ote den galdetu zion bere buruari.

Bestalde, sexu-hezkuntzan Euskal Herrian erreferente den ikastetxerik ez dagoela esanez abiatu zuen bere mezua Iñaki Karrerak, eta sexologia eta pedagogia diziplinak uztartzeko beharraz hitz egin zuen, hezkidetza eta bizikidetza kontzeptuekin lotuta.

«Eskolak eta sexologiak bien arteko zorra» dutela nabarmendu zuen EHUko irakasleak, eta hezkuntzan jorratu beharreko zenbait ardatz aipatu zuen; bizikidetza, sexualitatea, hezkidetza, kulturartekotasuna, asertibitatea edota dibertistatea- -berdintasuna, besteak beste. Horrekin lotuta, bizikidetzan gatazka ugari sortzen dela azaldu zuen, eta horiei aurre egiteko trebeziak irakatsi behar direla nabarmendu.

Sexu-hezkuntza jorratzeko metodologia bat ere proposatu zuen ondoren. Interesa duen gai bat hartuta, informazioa bildu eta horren azterketa, eztabaida eta eraldaketa proposamena egitearen alde azaldu zen. Ariketa horren xedeaz, sexologiaren eta pedagogiaren arteko harremanetan sakontzea, ikasleen arteko ezagutza, elkarren arteko onarpena eta desio erotikoa elkarri adierazteko gaitasuna aipatu zituen, helburu zehatz batekin: «Hobeto bizitzeko».

Edusex Bilbao jardunaldien azken hitzordua gaur izango da eta egitarau zabala dakar. Gaztelaniaz izango dira gaurko txostenak, eta sexu-hezkuntza eta udalen arteko harremanak edota desioaren orientazioa sexu-hezkuntzan izango dira jorratu beharreko gai batzuk.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Zapatero rechaza las llamadas a parar el proceso, pero remarca sus «reglas»
Mundua
La periferia parisina se lamenta de que la muerte de los dos jóvenes haya sido inútil
Iritzia
Más allá de las palabras
Kirolak
Lotina afronta el reto con «ilusión y entusiasmo»
Jendartea
«La felicidad depende más de las relaciones interpersonales que del dinero o la salud»
Euskal Herria
El fiscal brinda dos posibilidades al tribunal para que retenga a De Juana en prisión
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss