GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-10-28
«Gatazka politiko bat dagoela agerian utzi du eztabaidak»
Ipar Euskal Herritik Estrasburgora abiatu zen ordezkaritzak positibotzat jo zuen asteazkeneko eztabaida. Egun historikoa izan zela eta 400 milioi europarren ordezkari politikoek prozesu politikoa babestu zutela nabarmendu zuen atzoko agerraldian. Europak lagundu behar duela adierazi zuten, baita gatazka Euskal Herrian konpondu behar dela ere.

BAIONA

«Egun historikoa izan zen asteazkenekoa. Oso garrantzitsua izan zen egungo testuinguruan, baita epe luzera ere. Lehen aldiz, Europako Parlamentuak erantzun bateratua eman dio bi administraziotan banatuta dagoen herri bati», adierazi zuen atzoko agerraldian Arritxu Santamariak, Akordiorako Mahaiaren koordinatzaileak.

Dena den, Europan bozkatu eta onartu zuten ebazpenaren edukia ez zela izan berei gustatuko litzaiekeena gaineratu zuen. «Eztabaidak gatazka politiko bat dagoela agerian utzi zuen, baina ebazpenak ez du izaera politiko hori islatzen», adierazi zuen Santamariak. Hala eta guztiz ere, nahiago izan zuen alde positiboak nabar-mendu. «Lehen aldiz, Europak bere gain hartu du duen ardura, eta bakerako beste ate bat zabaldu da. Prozesua lagun dezakete eta, gainera, betebehar hori du. Baina gatazka Euskal Herrian konpondu behar da», berretsi zuen.

Ideia bera aipatu zuen Hendaiako alkate Kotte Ezenarrok (PSkoa). Haren hitzetan, euskal herritarrei dagokie konponbidea bilatzea. Eztabaidarekin eta bozketarekin pozik azaldu arren, harago joan beharra aipatu zuen. Ezin dela inolako hutsik egin esan eta «iraunkorra izango den bakea» aldarrikatu zuen. Hego-mendebaldeko PSko hainbat eurolegebiltzarkide eztabaidan egon ez izanaz galdetu zioten hedabideek, haren iritzia jakin nahian.

Ezenarrok arduraz jokatzeko eskatu zuen. «Alderdi Sozialistako kideek aske jokatzen dute. Niri dagokidanez, nire ardura onartzea erabaki dut. Zergatik? Bada, 36ko gudako errefuxiatuen seme naizelako, hainbat urtetan gatazka gertutik bizi izan dudalako eta Hendaiako alkate naizelako. Are gehiago, euskal kostako alkate sozialista bakarra naiz eta, kokoteraino nago; egoera honetatik irten beharra dugu», esan zuen.

Biarrizko hautetsi Jakes Abeberryren esanean, Europan lorturiko babesa estatuak eta ideologiak gainditzen ditu. «400 milioi europar baino gehiago ordezkatzen dituzten politikariek prozesua babestu dute», nabarmendu zuen. Anai-Artearen izenean, Michel Mendiburuk azaldu zuen Europak Euskal Herriarekin duela 70 urte- tik duen zorra kitatu behar duela. ABko kide Mertxe Colinak «etsaiari hurbildu behar» zaiola gaineratu zuen. Batasuneko mahaikide Xabi Larraldek Europako Parlamentuan ikusitako «argazki ederra» txalotu zuen.

Mikel Epaltzak, Herria 2000, ebazpena hain boto gutxiko aldearekin onartu izanak harritu egin zuela aipatu zuen. «Guztiak mintzatu ziren bakeaz; eta bozketan, aldiz, zatiketa nabarmena egon zen», esan eta herritarrak bakearen alde mobilizatzera deitu zituen.



Lamassoureri erantzunez

BAIONA

Alain Lamassoureren jarrera, hark eginiko adierazpenak eta bakerako azaldutako «konpromiso falta» gogor kritikatu zituzten agerraldian. «Ondo asko ezagutzen du euskal gatazka, eta badaki zer gertatzen den. Konponbideak konpromiso sendoak behar ditu, baina arazoari bizkarra ematea erabaki du. Herri honen historian gordeta geldituko da ebazpenaren aurka bozkatu zuen unea», adierazi zuen Larraldek.

«Lamassourerekin hitz egin nuen. Akordio bat izan balitz, alde bozkatuko zuela esan zidan. Mundu guztia ados egongo balitz, ez genukeela haren beharrik izango erantzun nion», azaldu zuen Jakes Abeberryk.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Zapatero rechaza las llamadas a parar el proceso, pero remarca sus «reglas»
Mundua
La periferia parisina se lamenta de que la muerte de los dos jóvenes haya sido inútil
Iritzia
Más allá de las palabras
Kirolak
Lotina afronta el reto con «ilusión y entusiasmo»
Jendartea
«La felicidad depende más de las relaciones interpersonales que del dinero o la salud»
Euskal Herria
El fiscal brinda dos posibilidades al tribunal para que retenga a De Juana en prisión
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss