GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 28/10/2006
Julen Murgoitio
Safaria

Hauxe kolpea! Greenwicheko meridianoan bizi direnak Euskal Herrian bizi garenok baino ordu bete lehenago enteratu izan dira orain arte gure prozesu zer honen gorabeherez. Egia esan, beheraz gehiago enteratu goraz baino, orain arte. Baina euskaldunok Greenwicheko meridianoan gertatzen diren gauzez ordu bete beranduago enteratu izan gara hangoak baino. Hau da, han gertatu edo hemen gertatu euskaldunok beti gara azkenak enteratzen. Gauzak horrela, erlojua erloju, hemengo alderdien mahaia Greenwicheko meridianoko herriren batera eraman liteke, gauzak arintze aldera behinik behin. Bitartean planetako orduen banaketan guri egokitu ziguten meridianoan segitu beharko dugu nahitaez, euskaldunok banaketa haren mahaian jesarlekurik izatera heldu ez ginelako; seguruenik Lakuako ordezkariak berandu helduko ziren hitzordu hartara eskumuturrean euskal erlojua edukita. Tira, harira! Zein da haria? A, bai! Ez dakit prozesu zerarekin lotuta dagoen ala ez, baina argi dagoena da txikiteoa dezente handitu dela azken egunotan Euskal Herriko herrietan. Orain arte eguerdi partean edota ilunabarrean izaten bazen horretarako hitzordua azken honetan goizean goiz hasi dira koadrila batzuk tabernaz tabernako biran. Horra! egunsentiko orduetan plazan aparkatu, autoen erdian bildu, erlojuak zertu, diruzaina hautatu, kutxa jarri, txanoa buruan jantzi amaginarrebak ezagutu ez ditzan eta hara! txikiteora!.Jada ez die ardura txikitero batzuei taberna zabalik ala itxita egoteak, sartu egiten dira horretarako atea txikitu behar badute ere; horra txikiteroen beste zeregina, txikitzearena. Tira, harira! barrura eta barrara; diruzaina paper luzea atera eta koadrilakide bakoitzarena eskatzen hasten da: hiru kaña, bi gaseosaz, zortzi tiopepe hotz, rueda bi, hiru cariñena, hortxata bi, lau rioja euskaldunentzat eta ezki-ura niretzat, kakapirri naiz eta. Bitartean, koadrilako beste kide guztiak tabernatik bueltaka, usainka, miaka, marmarka, ikerka, azterka, kakaŠ lehen zegoen ordena beste ordena bihurtuz. Inbentarioa esaten zaio horri, nik ez banekien ere. Inbentariatu; asmatu edo. Euren joko arauak berak ere ez dituzte koadrila horiek errespetatzen, egitekotan tabernara sartu eta oharra eskegiko zuten atean euren erdara garbian: cerrado por inventario. Total, komunetik pasatuta papera maileguan hartzeko, edontzia hustu eta horren kanpoko hatzak eskuaz garbituta joan badoaz, ordaindu gabe, Kenyara egindako safari batetik baletozen, burua bete kartoizko kutxa, buru bakoitzean kutxa bana, kutxa bete komuneko paper, ilaran, plazarantz. Plazara helduta koadrilako batak kutxak auto berdeetan eta besteak auto zuri-urdinetan utzita, txanoa erantzita, bostekoa euren artean eman eta kantari hasten dira, ez dakit nongo patria queridaz. Ene, ene! Non dira txikitero euskaldunen betiko ohiturak? Kantatu bai, baina taberna barruan kantatzen zuteneko hura? Ordu erdi pasatu da herriko tabernatik joan direnetik eta horra ondoko herri bateko plazan aparkatu berri dutela, kolore desberdinekoak oraingoan ere, autoen erdian bildu, bostekoa berriz elkarri eman, erlojuak zertu, diruzaina hautatu, kutxa jarri, txanoa buruan jantzi amaginarrebak ezagutu ez ditzan eta hara! txikiteora! safari berrira! Eta Greenwichen gu baino lehenago enteratu! -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La tortura, un iceberg que ha de salir a la superficie
Mundua
La guerra sucia abre el camino a la intervención militar en Oaxaca
Ekonomia
La UE prepara más trabas a los flujos de trabajadores
Kultura
Terror y cachondeo al 50%
Euskal Herria
Batasuna indica al Gobierno español que las agresiones tienen que cesar
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss