GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 28/10/2006
Joseba Alvarez -Batasuneko Nazioarteko arduraduna
Euskal Herriaren garaipena

Asko idatzi da egun eta aste hauetan Europar Batasuneko Legebiltzarrak hilaren 25ean egin duen Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen inguruko Batzarraz eta onartu beharreko ebazpenaz. Izan ere, Batzar hori oso abagune zehatzean egin da.

Lehenik eta behin, Euskal Herrian gatazkaren konponbideko prozesua blokeaturik dagoen unean eman delako. Bigarrenik, joan den 2006ko ekainaren 28an Zapaterok eginiko agerraldi garrantzitsuaren ondoren eman delako. Hirugarrenik, joan den 2006ko urriaren 9an, mundu mailan ezagunak diren sei politikarik, Cossiga, Adams, Soares, Guathemoc, Perez Esquivel eta ANCko Idazkari Orokorrak Nazioarteko Agiri mamitsua plazaratu ondoren egin delako. Laugarrenik, euskal gatazkaren konponbidearen alde Europar Batasuneko Legebiltzarreko euskal lobbya den Friendship delakoak urte t’erdiz eginiko lan sakonaren ondoren etorri delako. Eta, azkenik, PPk eta PSOEk gai honen inguruan Estatu Espainolean inolako adostasunik lortu ezin dutenean, bakoitzak bere aldetik Europar Legebiltzarrera jo duelako bakoitzaren posizio politikoa indartzeko asmoz.

Ondorioa argia izan da, hiru astez luzatu da Europar Batasuneko Legebiltzarreko alderdi europarren arteko eztabaida sutsua, eta euskal gaia inoiz ez bezala eztabaidatu da asteetan zehar. Hedabideetan ere izan duen oihartzun zabala horren isla da.

Garaipena euskaldunentzat

Inolako zalantzarik gabe, joan den urriaren 25ean Europar Batasuneko Legebiltzarrak eginiko eztabaida eta harturiko erabakia garaipena da Euskal Herriarentzat, eta, bereziki, ezker abertzalearentzat, helburu horri begira bi urte luzetan aritu baikara lanean.

Garaipena da, PPk ahalegin guztiak egin ondoren ere, azkenean, Europar Legebiltzarrean Euskal Herriaz eta gatazkaren konponbideaz eztabaida egin delako. Garaipena, PSOEk bere ebazpenean alboratu zituen gatazkaren oinarriaren inguruko aipamenak azkenean eztabaidan indarrez azaldu direlako: «arazo europarra da», «arazoa erabat politikoa da», «bidea elkarrizketa da eta irtenbidea politikoa», «Europak tokia egin behar die Herriei» eta «libreki erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa onartu behar ditu Europak». Garaipena, ebazpena onartua izan delako eta, beraz, Europar Batasuneko Legebiltzarrak bai Europar Batzordeari zein Europar Kontseiluari modu kontsekuentean aritzea eskatzen dielako. Garaipena bertan Euskal Herriaren argazkia lortu genuelako.

Hala ere, Sinn Féineko B. De Brun kideak zein Friendship-eko lehendakari H. Markovek Europako Legebiltzarraren aurrean bildu ziren 500 lagunei adierazi zien moduan, garaipen handia izan da Estrasburgokoa Euskal Herriarentzat, baina egin behar den lanaren hasiera baino ez da. Atea zabaltzea lortu da; gatazkaren konponbidea eta Euskal Herriaren aitortza bideratzeko bitartekoak garatu beharra daude Europako erakundeetan.

Eskasa PSOErentzat

Gatazkaren konponbidean bere posizio politikoa indartzeko eta PP espainola Europan bakartzeko asmoz hartu zuen PSOEk iniziatiba Europar Batasuneko Legebiltzarrean. Emaitza ez da inolaz ere izan espero zuena. Ebazpena onartzea lortu du PSOEk, baina oso alde txikiarekin, 321 alde eta 311 aurka.

PSOEk bere ebazpena edukiz hustu zuen Europar Batasuneko Legebiltzarrean dagoen Alderdi Popular Europarra (PPE) bereganatzeko eta PP isolatzeko asmoz. Alferrikakoa izan da ahalegina. PPE osoak, kontserbadore britainiarrak eta ale-manak barne, adibidez, PSOEren emendakinaren aurka bozkatu zuen.

Azken unean, bere ebazpenak aurrera joko ote zuen ere zalantzan jarri zuen PSOEk, eta PPri bien ebazpenak kendu eta Berlusconiren gizona den Frattini eskuindarrak egindakoa elkarrekin bultzatzea proposatu zion, baina Mayor Orejak ez zuen proposamena onartu.

Gauzak horrela, PSOEk ez du lortu amesten zuen Zapateroren aldeko bozketa masiboa eta nagusia Europar Batasuneko Legebiltzarrean. Bere ebazpenak aurrera egitea lortu du, baina ez du lortu nahi zuen laguntza PPrekin Estatu espainolean duen talkan irabazteko. Eztabaida egoera honetan eramaterik ez zegoela pentsatzen dutenak ez dira gutxi PSOEn, finean, askok pentsatzen baitu Ezker Abertzalea izan dela garaipena eskuratu duen bakarra.

PPren porrota

Mayor Orejak PP eta PPEren garaipena izan zuen eskuartean, baina aukera hori ere alferrik galdu zuen. Izan ere, PPEko kide eta Europar Batzordeko lehendakari ordea den Frattinik eginiko proposamena onartu izan balu, PSOEko Baron Crespok esan zion moduan, garaipena eskuraturik zeukan. Baina Zapateroren Gobernuaren aurkako operazio politikoa muturreraino eramateko nahiak eta harrokeriak porrotera eraman dute Mayor Oreja. Porrot honek ondorioak izango ditu PPk PPEn izango duen pisuan eta harremanetan etorkizunean.

PPren garaipen bakarra PPEren boto guztiak ondo lotzea izan zen, horretarako neurri gabeko presioak egin zituen arren. Ez da ahaztu behar PPEko zenbait legebiltzarkidek publikoki salatu dituela egun hauetan presio horiek.

Ez dugu ahantzi behar egungo Europako Kamara azken urte luzeetan izaniko eskuindarrarena, kontserbadorearena dela. Europako 25 estatuetatik gehienak PPEren esku daude. Gauza bera gertatzen da Europar Batasuneko instituzio nagusietako arduradunekin, bai Batzordean baita Kontseiluan ereŠ Guzti horrek argi adierazten du zein traketsa izan den Estatu Espainoleko PPren jokabidea eta zein neurritakoa PPEren porrota.

«Victoria pirriqua»tzat jo du PPk PSOEren emaitza. Egia da ez dela PSOEk espero zuena, baina zein izango zen PPren irakurketa bere ebazpena hamar bozkagatik aurrera atera bazen? Garaipena eskuratu zuela zabalduko zuen eta prozesuaren aurkako dinamika azkartu Zapateroren Gobernuarengan krisi sakona sortu arte, ikaragarria izango baizen garaipen justu horretan oinarriturik PPk bideratuko zukeen presio politikoa, soziala eta instituzionala...

Gure aldetik, bozketaren emaitza justu bada ere, ebazpen horrek aurrera egin duela azpimarratu nahi dugu. Garrantzitsua ez da ebazpenaren edukia bera, oso eskasa baita, erabaki honek ateak zabaltzen dituela baizik, eta etorkizunean lanean segitzeko aukera onak ematen dizkigula. Ez dezagun ahantzi, Sinn Feineko ordezkaria, adibidez, abstenitu egin zela PSOEren ebazpenak gaiari behar den sakontasunez eusten ez ziolako.

Ondorio nagusia

Euskaldunok beste urrats garrantzitsu bat eman dugu, beste urrats bat prozesua indartzeko bidean. PPk porrot egin du. Eta PSOEri gauzak korapilatu egin zaizkio. PSOEk gaiaren internazionalizazioa bere aldeko armatzat erabili nahi izan du, baina duela bi aste argitaratu zen sei pertsonalitateen Nazioarteko Agiriak eta Europar Batasunaren emaitzak bere kalterako izan dira, Ezker Abertzalearen posizioa indartzen duten heinean. PPren presioa ezin kenduta dabil PSOE eta hobe luke euskal prozesuaren alde gauden guztiokin aurrera egiteko neurriak ausardiaz hartzea eta prozesua modu horretan iraunkortzea. Izan ere, PPk berriz erakutsi du ez duela amore emango gatazkaren konponbidea suntsitzeko ahaleginean datorren 2008ko Estatu espainoleko Hauteskunde Orokorrak pasa arte behintzat, prozesua haustea baita PPrentzat Zapatero gobernutik kendu eta beraiek bueltatzeko bide seguruena. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La tortura, un iceberg que ha de salir a la superficie
Mundua
La guerra sucia abre el camino a la intervención militar en Oaxaca
Ekonomia
La UE prepara más trabas a los flujos de trabajadores
Kultura
Terror y cachondeo al 50%
Euskal Herria
Batasuna indica al Gobierno español que las agresiones tienen que cesar
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss