Lula faborito argia da gaurko bozketan, Brasilen
Luiz Inacio Da Silvak Brasilgo aginte-makila beste lau urtez edukitzeko aukera handia du. Gaur presidentetzarako bozen bigarren itzulia izango da, eta, inkesten arabera, Lulak botoen %57,5 jasoko luke, eta Alckminek, %33,5. Azken horrek Gobernuan izan diren ustelkeria kasuak baliatu ditu Lularen irudia kaltetzeko, baina, dirudienez, huts egin du.
SAO PAULO
Inkesten iragarpenak betetzen badira, Luiz Inacio Da Silvak, Lulak, Brasilgo presidente izaten jarraituko du datozen lau urteotan. Bozkatzeko eskubidea duten 126 milioi biztanlek gaur erabakiko dute Lularen edo Geraldo Alckminen alde egin. Bi hautagaiok bozkatuenak izan ziren lehen itzulian. CNT-Sensus enpresak egindako inkestak Langileen Alderdiko (PT) hautagaiari ematen dio garaipena, alde handiz, gainera. Horren arabera, brasildarren %57,5ek Lulari bozkatuko lioke. Alderdi Sozialdemokratako hautagaiaren alde, ostera, %33,5ek egingo luke. Alckminek ustelkeriaren akusazioak erabili ditu kanpaina osoan egungo presidentearen irudia kaltetzeko asmoz. Ustelkeriak ustelkeria, Lulak pobreziari aurre egiteko martxan jarritako ekimenak aurreko gobernuek baino emaitza hobeak lortu dituela argudiatu du, eta horrek boto-emaileak erakartzeko pisu handiagoa izan duela dirudi. Zenbaiten ustez, Lulak ez zuen lehenengo itzulian gehiengo absolutua lortu jendea dezepzionatuta dagoelako. Aberatsen aldeko Gobernuak urteetan jasan ostean herritar xume batek agintea eskuratzeak itxaropen itzela sortu zuen. Lulak ez zuen hura asetzerik lortu, baina aurrekoek baino ekarpen handiagoak egin ditu Brasilen alde. Horren adibidea da gosea amaitzeko programa. 2002ko kanpainan PTko ikurra izan zen. Lehenengo urtean ez zen ondo ibili, baina ondorengo aldaketetan asmatu zuen, eta hasierako porrota garaipen bihurtu du Lulak. Nazio Batuen Erakundeak berak nabarmendu zuen pobreziari eta goseari aurre egiteko politikak «arrakasta itzela» izan duela. Horri esker, 11 milioi familiak jaso dituzte diru-laguntzak euren seme-alabak eskolara eramateagatik.
|