Ken Zazpi, Ene Bada, Goenaga, Berzaitz eta Anari EHSona jaialdian izango dira
·Bartzelonako Euskal Etxeak antolatuta, kontzertuak, lantegiak eta hainbat ekitaldi egingo dira
BARTZELONA
Datorren ostiraletik aurrera euskal musika doinuak entzungo dira Bartzelonan, bertako Euskal Etxeak antolatutako Euskal Herria Sona jaialdiari esker. Badira hiru urte Aitor Arruti zarauztarra lehendakari duen Euskal Etxeak ekitaldiak prestatzeko ardura osoa duela. «Helburuak garbiak dira: euskal kulturaren hainbat alderdi ezagutaraztea, musika estiloen aniztasuna sustatzea eta egitaraua hiriko gune gero eta gehiagotara zabaltzea, ahalik eta ikusle kopuru handienarengana heltzeko», azaldu dute Euskal Etxekoek. Azaroaren 3an Ken Zazpi talde gernikarrak zabalduko du egitaraua. Abenduaren 1era bitartean izango da musika festa, eta Ene Bada (azaroak 4), Iker Goenaga (azaroak 10), Anari (azaroak 18), Hegokoak (azaroak 24) eta Pier Paul Berzaitz (abenduak 10) etorriko dira atzetik. Kontzertuez gain, triki poteoa iragarri dute azaroaren 4rako. Egitaraua osatuz, txalaparta, dantza eta euskal kantuak ikasteko lantegiak antolatu dituzte. EH Sona da urtean zehar egiten duten egitasmorik nagusiena, betiere hiriaren kultur bizitzan eta gizarte kataluniarraren hainbat esparrutan parte hartzeko asmoz. «Lan horren ondorioz, herri erakunde eta elkarteekin dugun elkarlana sakondu dugu», esan dute.
|