Juan Bilbaok euskal kantuz osaturiko bigarren diskoa kaleratu du
Urtebete igaro da Juan Bilbao bakarlariak lehen lana kaleratu zuenetik. «Euskal Kantak» izena jarri zion lan hari. Orain, eta aurrekoaren bidea eginez, hamar euskal kanta bildu ditu «Ene izar maitea» izeneko bigarren lanean. Kolaborazioen artean, Gontzal Mendibilen lankidetza eta Alaitz Erkorekaren ahotsa ageri dira CDan.
MUNGIA
Antzinako kantak aukeratzea, biltzea eta gaur egungo musika munduan berreskuratzea du helburu Juan Bilbao abeslari mungiarrak. Iaz kaleraturiko lehendabiziko lanean hamaika euskal kanta jaso zituen. Orain, bigarren honetan, beste hamar aukeratu ditu “Ene izar maitea” izenpean.«Antzinako gustuko kantak jasotzeko bidean doa nire musika azaldu du Bilbaok. Baina, aukeraketa egiteko orduan, gustuko izatea ez da irizpide bakarra. Gaiei ere begiratzen diet, maitasunezkoak, melodikoak izan daitezen... Era berean, nire ahotsarekin ere bat egin behar dute». Bigarren bilduma honetan diskoari izena ematen dion kanta jaso du, “Ene izar maitea”, alegia. Horrez gain, Jose Maria Iparragirreren “Gitarra zahartxo bat”, “Juanaren bildoxko”, “Ai! Neure Baltzerana”, “Nere Maitea”, Benito Lertxundiren “Oi Lur”, “Iruten ari nauzu”, “Txakur gorri txiki bat”, “Zurian zuri” eta “Begiak parrez parrez” aukeratu ditu bakarlariak. Lehenengo diskoarekin alderatuz gero, Bilbaok esan du disko honek gaur egungo melodia gehiago dituela. «Konponketa akustikoagoak, modernoagoak eta alaiagoak dira. Bateria eta baxua sartu ditugu, besteren artean. Aurrekoan musika tresnak tradizionalagoak ziren, hala nola, gitarra edota biolontxeloa». Folk estilotik aldendu gabe Bilbaok “Ene izar maitea” lanean pop estilora jauzia eman du. Bilbaok Mikel Errazkin (zuzendari musikala), Xabi Lopez (gitarrak), Alaitz Telleria (trikitiak), Oihana Lekuona (koruak), Txema Garces (baxua) eta Igor Telletxea (bateria eta kajoia) ditu musikari. Disko honek bi kantutan kolaborazioak izan ditu. Batetik, “Ene izar maitea” abestian Gontzal Mendibilen laguntza jaso du. «Kantu txapelketa batean ezagutu nuen. Hura epaimahaikidea zen eta proposatu nion nire bigarren diskoan parte hartzeko», esan du abeslariak. “Ai! Neure Beltzerana” kantuan, berriz, Lauaxeta emanaldian ezagutu zuen Alaitz Erkoreka izan du kide.
|