DUZUNARITZE
Hamar eta erdietan abiatu zuten atzo Duzunaritzeko Jon Harloucheten etxaldean arto bilketa, eta eguerdi tartean bertan zeuden laurehun bat lagunek guztia biltzea lortu zuten.0,8 hektareako lurretan 25.000 arto landa jarriak zituen laborariak, eta eskuak lagun zituztela, bi orenez guztia bilketarako jarriak zituzten saskietan metatu zuten.
Laborantzaren aniztasunaren izenean, eguna giro lasaian igaro zuten, eta bertaratu ziren guztiek plastikozko poltsa batez lagundurik bilketa egiteko aukera izan zuten. Baina, artoa pentzetik atera baino, atzo antolatzaileek ekintza horren berezitasuna nabarmentzea nahiago izan zuten. Estatu frantsesean gaur egun lekuko haziekin komertzioa egitea laborariei debekatua zaienez, sinboloz beteriko eguna izan zen atzokoa. Hala, ekintza horren berezitasuna ordezkatzeko Euskal Herriko hainbat lekutatik, eta Estatu frantsesetik etorritako herritarrak ikusi ziren atzo. Laborarietatik at, kontsumitzaileak ere bertan izan ziren laborantzaren «aniztasuna» aldarrikatzeko.
Bio Aquitaine eta Lekuko Biharko Lurraren Elkarteak bultzatua, lehen aldia zen bai Euskal Herrian baita Akitania eskualdean ere horrelako ekintza bat egiten zenik. Hori dela-eta, lekuko hazien inguruan azken urteotan bultzatu duten lanaz oroitzeko ordua iritsi zen, eta, horretarako, Bertrand Dasseigne Dordogne eskualdeko nekazariak hartu zuen hitza: «2000. urtean programa sakon bat bultzatzea erabaki genuen lekuko hazien inguruan, kooperatibetan erosten genituen hazi asko kutsatuak heldu zitzaizkigulako».
Kutsadura horrek sortutako kezkaren ondotik, lekuko hazien inguruan ikerketak abiatzen hasi ziren, eta, horretarako, Amerika erdialdera joan ziren.
«Han haziak aurkitu genituen, eta geroztik ikerketak egiten aritu gara beste hazi batzuk atzemateko. Europan ere ibili gara haziak bilatzen, eta horien artean, Elgoibarren batzuk aurkitu ditugu», gaineratu zuen.
Ikerketaz ikerketa, bost urteren buruan hazi horiek landatuz landarea bera aberastea lortu zutela gogora ekarri zuten, eta, orotara, ehun eta berrogeita hamar hazi mota sortu zituztela nabarmendu zuen.
Hazia indartu eta aberastu
Jon Harlouchetek horietako hogei mota landatuak zituen bere etxaldean. «Nire helburua landatu dudan uzta ahal bezain anitza izatea zen. Anitz landatuz, selekzioa egiteko aukera duzu, eta, bide horretatik, lurrari gehien egokitzen zaizkion arto motak hautatzeko aukera ematen dizu», argitu zuen laborariak. «Gehien komeni zaizkigun haziak aukeratzen ditugu, eta horiek bilakarazten ditugu. Horrela biodibertsitatea bera aberasten dugu», adierazi zuen, bere aldetik, Bertrandek.
Artoa bildu bezain laster, Duzunaritzen landatutako aniztasuna artoaren kolorean nabari zen. Jaite izenekoa, esaterako, Jon Harlouchetek urtez urte egindako lanari esker sorturiko hazi berria da, eta atzo hektarea horretan zegoen. «Hiru urte daramatzat hazi hori etxaldean landatzen, eta urtez urte selekzioa eskuz egiten dugu ikusteko zein hazi den egokiena lur honetarako. Urteak aurrera joanda ateratzen diren artoak gero eta ederragoak direla ohartu gara», azaldu zuen laborariak.
Gorriak, grisak eta horiak; artoak mundua bezain ezberdin agertu zitzaizkien bertan zeuden herritarrei. Batzuen ahotan honakoa entzuten ahal zen: «Zer bitxia artoa, alta, usaian horia da».Hala, bada, komertzioetan agertzen den arto horitik urruti zegoen atzo bildutakoa. Baina, aniztasun horren aldarrikapenaren gainetik, egungo laborariak kezkatzen dituen arazo nagusi bat bazegoela ikusi zen; transgenikoa, hain zuzen. Dordognako nekazariak bere garaian izandako kezka laborari anitzen baitara iritsi zela esan zuen Jon Harlouchetek.
Jakinez egun komertzioan laborariek eskuratzen dituzten haziak %45 kutsatuak direla, erraztasun handiarekin kutsadura paira dezaketela nabarmendu zuen Bertrand Dasseignek. «Adibideak baditugu. Estatu espainolean transgenikoari atea guztiz ireki zaionetik, laborari asko kutsatuak izan dira, eta egun, nekazaritza biologikoan arto gutxi egiten da, askok landa hori utzi baitute», jarraitu zuen esaten Jonek.
Akitaniako sostengua
«Munduko laborari askok pairatzen duten arazo horren aurrean deus egiten ez badugu, hemen ere arazo berbera izanen dugu», gaineratu zuen Jonek. «Ezin da lan egin transgenikoak alde batean ukanez, kutsadura errazki egiten baita», esan zuen. Hala, atzokoa errealitate baten lekukotasuna helarazteko aukera izan zen laborarientzat. Sinboloa urruti geratu zen, beraz, eta laborarien ondotik, Akitania Kontseiluko kontseilari batek hitza hartzeko aukera izan zuen.
«Akitania eskualdeak bi kezka nagusi ditu laborantza sailean: kalitatezko laborantza eta nekazaritza iraunkorra. Egungo ekintzak gure bi nahi horiekin bat egiten du, eta horregatik sostengatzea erabaki dugu», esan zuen Benerice Vincent Akitaniako Berdeak alderdiko Kontseilariak. Eta jarraitu zuen: «Egun honek laborantza industrialaren aurka benetako alternatiba bat dagoela frogatzen du, eta, bide batez, ezaguturiko arrakastari esker herritarrek kezka hori bereganatua dutela ere erakusten du».
Botere publikoengandik izandako sostengu hori goraipatu zuen Jon Harlouchetek. «On egiten du ikustea diru publikoa, behingotz, interes publikoaren alde jartzen dela. Kolektibitatearen dirua ongi baliatuz bide berriak irekitzen ahal dira», esan zuen.Horrenbestez, Estatu frantsesean transgenikoei buruz dagoen luzamendua kentzeko dauden presioak gogora ekarri zituzten nekazariek, eta presio horiek dauden heinean «borrokan jarraitzea» garrantzitsutzat jo zuten.
Bio Aquitaine eta Biharko Lurraren Elkarteak bultzaturiko ekintza sostengatzeko Brasildik etorritako Lur gabeak ere Duzunaritzen zeuden atzo. Arrasateko unibertsitatean laborantzaren inguruko lan bat egiten ari zirela BLEk egindako gonbita onartu zuten, eta arto bilketari ekin zioten.
«Gure borroka lurraldeari egokituriko laborantza iraunkorrean oinarritua da. Gure xedea, berriz, gure lurrez berjabetzea da», argitu zuen Lur-Gabekoen ordezkariak ekintzaren garrantzia nabarmentzeko.
Orotara Brasildik etorritako hemezortzi lagun zeuden Duzunaritzen. Baina, aldarrikapenen gainetik bastarako hitzordua ere izan zen atzokoa.
Etxalde horretan lana burutu zutelarik, ondotik, bazkari eta besta izan zen. Orotara, hirurehun bazkari eman zituzten, eta arratsaldean, lanaren ondotik, parte hartzaileek dantzan eta bestan hartzeko aukera izan zuten herri giro jatorrean.
Kanaldude lekuko telebistak ere zuzenean grabatzeko aukera izan zuen, eta horretarako ELB eta FDSEAlaborari sindikatuetako ordezkarien artean eztabaida antolatu zuten.
Eguna gaualdi batekin burutu zen herriko elizan. Elizan sartzeko gogoa ez zutenek, berriz, jai giroarekin jarraitzeko aukera izan zuten.
Balantzea egiteko orduan, ondoko urteetan mota bereko ekintzak antolatzen jarraitzea erabakitzekotan ziren antolatzaileak. «Lehen aldia da horrelako zerbait antolatzen dugula, eta baikor gara, arrakastatsua izan baita».