Txinako banku nagusia burtsara iritsi da
Txinako Merkataritza eta Industria Bankua Hong Kongeko eta Shanghaiko burtsetan estreinatu berri da. Inoiz egin den balio eskaintza publikorik handiena egin du, eta lehen egunean Hong Kongeko burtsan 0,46 dolarrean saldu zituen bere akzioak.
Inoiz izan den balio eskaintza publikorik handiena, Txinako Merkataritza eta Industria Bankuarena (ICBC), alegia, gorakada handiekin estreinatu zen Hong Kongeko burtsan. Ez zituen horren igoera nabarmenak izan, ordea, Shanghaikoan.Inbertsoreek Hong Kongeko burtsaren eskaintzari gogotsu erantzun zioten. Konpainiaren akzioak 0,46 dolarren truke aldatu ziren saio hasieran, balio eskaintza publikoan baino %17 garestiago, hain zuzen. Itxieran, hala ere, akzioak pixka bat merkeago saldu ziren, 0,45 dolarrean. Shanghain, aldiz, konpainiaren akzioek ez zuten horren harrera ona izan, eta saio hasieran 0,43 dolarreko prezioa eskuratu arren %9 garestiago, egunaren bukaeran igoera ez zen oso altua izan, %5,13koa besterik ez. Bankuko Jiang Jianqing lehendakariak estreinaldi egunean
esan zuen bankuaren jokaerarekin «oso-oso kontetu» zegoela. Bi burtsetako
akzioen salneurrien arteko aldea jaitsi egingo dela uste duela ere gaineratu zuen.
19.100 milioi dolar Hong Kongeko debuta analistek aurrez ikusi zuten bezalakoa izan zen, baina Shanghaikoan lortutako irteerako prezioak baikorrenak ere desengainatu zituen; izan ere, haiek irekiera saioan %10 eta 15 bitarteko igoera espero zuten. Bankuak, hala ere, 19.100 milioi dolar eskuratu ditu eragiketa honekin, eta kopuruak gora egin dezake, 21.900 milioi dolarreraino. Horretarako, bankuak esleipenen gainean duen eskubidea erabili ahal du. Hauxe da inoiz banku batek balio eskaintza publiko baten sinaduragatik lortutako kopururik altuena; izan ere, NTT DoCoMo telefono mugikorren enpresa japoniarrak 18.400 milioi dolar lortu zituen 1998an, banku txinatarrak baino 700 milioi dolar gutxiago.
Txinako lau banku nagusien artean garrantzitsuenaren burtsarako irteerak burrunba handia sortu du; astebete lehenago 500.000 milioi dolarreko eskaerak ere lortu zituen.-
|