Autodeterminazio eskaera ere badu Bilboko zubien historiak
Hitzordu berritzailea egin zuten atzo arratsean Bilbon, abian den prozesuaren oinarria Euskal Herriko herritarren hitza errespetatzea dela gogorarazteko. «Zubirik zubi» ekimenak hiru mila lagun inguru batu zituen eskaera zehatz horrekin, baita ikurrinak eta zazpi herrialdeetako armarriak ere, eta arduradunak pozarren agertu ziren erantzun politarekin.
BILBO
San Antonen, La Merceden, Areatzan, udaletxean, Zubizurin, Deustuan eta Euskaldunan. Bilboko zazpi zubi horietan hitzordu bereziak izan ziren atzo arratsean, jende andanak bat egin baitzuten ezker abertzaleak autodeterminazioaren eskaera lau haizetara zabaltzeko deitutako ekimen bereziarekin.Hain zuzen, 18.00etarako deitu zen elkarretaratzeetara zubi horietan, eta herritarren hitza eta erabakia errespetatuak izan daitezela eskatzen zuten leloak nagusitu ziren guztietan. Horiek ez ezik, baina, zubi bakoitzak besterik ere ordezkatu zuen: Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeetako bakoitza, armarri banaren bidez. Horrez gain, ikurrin ugari ere ageri zen leku orotan. Aurreikusi bezala, San Antonetik eta Euskaldunatik martxa bana abiatu zen gero, eta beste zubietan elkarretaratutako jendea zutabe horietara batzen ari zela adierazteko suziriak entzun ziren hiriburuan. Hori hala, bi zutabeek bat egin zuten, eta herritar guztiak hiru mila inguru une berean iritsi ziren udaletxerako azken zubia zeharkatzeko, bai eta zazpi armarriak ere. Ekimen berritzaile horri amaiera emateko ekimen xumea egin zuten udaletxearen parean. Bilboko herritar batek ongietorria egin zien bertaratutako guztiei, eta hitzorduaren nondik norakoak gogorarazi zituen bertan. Izan ere, paraleku gisa zubiak hautatu izanak bazuen bai esangurarik. Gogorarazi zutenez, zubiak toki batetik besterako igarobideak izan dira historian, eta egun ere funtzio hori betetzen dute: «Tartean aurkitzen ditugun oztopoak gainditzeko asmoz eraikitako igarobide sendoak dira». Hainbat gudatan jopuntu estrategiko izan ohi dira zubiak, eta Bizkaiko hiriburukoak ere hainbat pasartetan suntsituak eta berreraikiak izan dira. Atzo, beraz, zubi horien historiari autodeterminazioaren aldarrikapena gaineratu nahi izan zioten.
«Korapiloa» askatzeko bidea Ezker abertzalearen iritziz, finean, hori da prozesu honen «oinarria»; Euskal Herriko herritarren hitza errespetatzea. Honakoa azaldu zuten ekimena aurkeztu zutenean: «Autodeterminazioaren aldeko uholdea izango da gatazkaren korapiloa askatuko duena: Gure herriaren hitza eta erabakia eskuratzeko bidea eta gure herrian demokrazia, justizia, askatasuna eta bakea eraikitzeko zubia!».
Ekitaldian, bestetik, Jone Goirizelaia mahaikideak ere hartu zuen gero hitza. Hark gogorarazi zuenez, Euskal Herria zazpi herrialdez osaturiko nazioa da, eta bere eskubideak errespetatuak izan daitezen lortzea da aurrera begira lortu beharreko helburua.Herritarren parte-hartzea prozesuan ezinbestekoa dela aipatu, eta bide horri eusteko animoak eman zituen. Izan ere, besteren artean esan zuen ezker abertzalea kezkatuta dagoela prozesuaren «blokeoagatik», eta gero zera ere gaineratu zuen: «Prozesuaren norabidea ez du Zapaterok zehazten, euskal herritarrek baizik».
|