BURLATA
Atzo abiatu zuten Burlatan Euskal Herriko ziklo politikoan mugarri den Nazio Eztabaida. Euskal Herriaren biziraupena eta garapena bermatzeko ezinbestekoa den eztabaida nazional eta demokratikoa garatzea du xede ekimen horrek. Herritarren topaketak izan ziren Nazio Eztabaidaren abiapuntu. Antolatzaileen aburuz, «Euskal Herria aintzat hartu eta maite duten guztiek» osatzen dute Nazio Eztabaida. Arratsaldeko 15.15ean ekin zioten harrera ekitaldiari; ordurako hamarka euskal herritar bilduak ziren Burlatako kultur etxean. Lehenik, Garbińe Bueno Nazio Eztabaida Guneko mahaiko partaideak hartu zuen hitza.
«Euskal Herria maite dugunok garbi dugu soilik lan eginez lor ditzakegula helburu handiak», azaldu zuten, eta Nazio Eztabaidaren zergatia ekarri zuten gogora: «Euskal Herria egin nahi dugu egunez egun, eta horretarako gune bat eskaini nahi dizuegu, herri gisa, denon artean egin beharrekoa zehaztuko dugun gunea». Buenoren aburuz, Euskal Herrian dago egin beharreko bidearen «gakoa». «Euskal herritarrok esaten eta egiten dugun horretan dago zilegitasuna». Nazio Eztabaida Guneko kidearen esanetan, «kanpo ezarpenik gabe, hitza hartu eta erabakia hartzea» da Euskal Herrian egin beharreko zeregina.
«Eraiki dezagun Euskal Herria gure ametsen neurrira»; horixe izan zen bertsolariaren mezua, eta ildo beretik aritu zen Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakaria. Faltan, berriz, Julian Eizmendi Udalbideko lehendakaria zen; gonbidatua zuten arren, uko egin zion parte hartzeari.
Loren Arkotxak atzo esandakoaren arabera, Navalcarneroko ziegan zegoela izan zuen Nazio Eztabaidaren jaiotzaren berri. Haren ilusioa berri horrekin gauzatu zela adierazi zuen atzoko interbentzioan.
Dagoeneko hiru urte pasatxo dira Udalbiltzak berak nazio eztabaidaren beharra plazaratu zuenetik. Atzokoan Nazio Eztabaida Guneak hiru urte hauetan egindako lana txalotu zuen, eta aurrerantzean ere «ametsetako» Euskal Herriaren alde lanean aritzeko deia egin zuen Udalbiltzako lehendakariak.
Lantegiak, dokumentalak...
Harrera ekitaldiak hamaika ekimenez osatutako arratsaldeari eman zion bide. Lantegiak, dokumental ikuskizunak, berrogei gizarte eragilek baino gehiagok osatutako gizarte azoka... Giro paregabea izan zuten atzo arratsaldean Burlatako kultur etxera joan ziren ehunka lagunek.Gaur, aldiz, osoko bilkura egingo dute Burlatako kultur etxean. Iazko edizioan egindako Nazio Plana edukiz jantzi, eta adostutako helburuak nola bideratuko diren argituko dute gaurkoan.
Lantegiak
«Aplikazio faserako herri estrategia beharrezkoa dugu»
Ruben Iglesias
Euskal Curriculuma
«Ikasturte honetan Euskal Curriculumaren definizio fasea bukatu eta aplikazio fasean sartuko gara. Hori dela-eta, egungo Euskal Herrian aplikazio hori nola egin dezakegun aztertu dugu. Proposamen egingarri bat plazaratu da, guztion borondatean eta konpromisoan oinarritutako proposamena. Definizio fasean egindako prozesua dela-eta, Euskal Curriculuma herriak definitu du, eta orain ere aplikazioa herriak egin beharko du. Hori ahalbidetzeko ezinbestekoa dugu herri estrategia bat zehaztea, nazio ikuspegian eta parte-hartzean oinarritutako estrategia.»
«Interneten ere herri gisa jokatu behar dugu»
Iratxe Esnaola
.Eus Domeinua
«Egun teknologiarik gabe ez gara ezer, ez erabiltzaileak ez Euskal Herria. Horregatik garrantzitsu jotzen dugu Nazio Eztabaida Gunean eta halakoetan teknologiaren edota Internetaren gaineko eztabaidak egitea. Lantegiaren helburua .eus domeinuaren inguruko afera gizarteratzea da. Interneten ere herri gisa jokatu eta agertu behar dugu, eta hori nabarmendu nahi izan dugu lantegian. Domeinua eskuratzeak izango dituen onurak, eskuratu ahal izateko egin beharreko lana, eragileek egin beharreko ekarpena... horretaz guztiaz aritu gara Burlatako lantegietan».