Fantasiazko eta beldurrezko zinemaren XVII. astea
«Cristobal Molon» euskarazko animazio filma Kursaalen estreinatuko dute
Azken usadioari jarraituz, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak Kursaalerako prestatu duen egitaraua gehienbat haurrei zuzenduta egongo da. Izan ere, datorren larunbatean, auditoriumean, animaziozko bi film proiektatuko dituzte, biak ala biak euskaraz. Bata Irusoin eta Dibulitoonen arteko elkarlanaren azken emaitza izango da, «Cristobal Molon», alegia; bestea, berriz, «Harri magikoaren bila» film alemaniarra. «Cristobal Molon»ena estreinaldi «mundiala» izango da. Filmok ikusteko gonbidapenak dagoeneko interesa dutenen esku daude Kutxak Garibai 20an dituen bulegoetan.
DONOSTIA
Garai hobeak ezagutu ditu Praderiako intsektuen erresumak. Pinzon II.a erregea ahula da, eta bene-benetan agintzen duena haren balidoa da, Destruzzio izenekoa. Neurrigabea da Destruzzioren handinahia. Horren isla da proposatu duen proiektua: Ilargira joan eta bertan erregearen erretratua zizelkatzea. Proiektua gauzatu ahal izateko Cristobal Molon esploratzailearengana jo dute. Molonek, Carabix lagunarekin batean, erronkari ekingo dio, baina proiektuaren atzean sekulako sekretua dagoela ikusiko du. Hori da Aitor Arregik eta Iñigo Berasategik zuzendu duten “Cristobal Molon”en sinopsia. Gidoia, berriz, Joanes Urkixori zor zaio.Filma ez dute abenduaren 5era arte zinema-aretoetan estreinatuko, baina Kursaalen, primizia moduan, larunbatean proiektatuko dute, 17.00etan. Irusoinen eta Dibulitoonen artean egin dituzten marrazki bizidunetako beste filmetan bezala (“Glup”, “Supertramps”), “Cristobal Molon”en ere pertsonaien animazioa ordenagailu bidez egindakoa da, hiru dimentsiotan. Alabaina, irudien kalitatea hobetu nahian, ordenagailuz animatutako pertsonaia horiek eskuz egindako eszenarioetan mugitzen dira, maketetan, alegia.
Haur ez direnei ere begira Batez ere haurrei begira eginiko filma bada ere, gaztetxoak eta, oro har, ikusle helduagoak erakartzeko ahalegin berezia egin dute. Horri dagokionez, abenturaz betetako filma egiteaz gain, «ukitu ganberroa» ere espresuki eman diotela nabarmendu dute zuzendari eta ekoizleek. Alde horretatik, publiko zabalarengana iristen diren film estatubatuarrak eredu izan dituztela aitortu dute.
“Cristobal Molon“ bi urte luzeko lanaren emaitza da. Izan ere, Joanes Urkixo 2004ko martxoan hasi zen gidoia idazten. Geroztik, batez beste hirurogei pertsona aritu dira lanean. Arestian esan bezala, Urkixo izan da gidoigilea. Pertsonaiak Patxi Pelaezek diseinatu ditu, eta maketak, berriz, Iosu Mitxelenak. Zuzendaritza artistikoa Angel Alonsoren eta Ricardo Ramon Gonzalezen esku egon da, eta soinu banda Pascal Gainek konposatu du.Kursaalen bertan, eguerdian baina, marrazki bizidunetako beste film bat ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Harri Magikoaren bila” du izenburua eta Alemaniatik dator. “Cristobal Molon”en bezala, animazioa ordenagailu bidez egin dute, hiru dimentsiotan. Oso ikusgarria omen da, eta, Beldurrezko Astearen arduradunek nabarmendu dutenez, mugarri bat da Alemaniako animazio filmen artean. Aurreko urteetan bezala, Kutxaren babesari esker, bai “Harri Magikoaren bila” bai “Cristobal Molon” ikustera sartzea doan izango da. Hori bai, gonbidapenak aldez aurretik lortu behar dituzte interesa dutenek. Gonbidapenok eskura daude (bukatu arte) Kutxak Garibai 20an dituen bulegoetan. Gaurko filmak
Antzoki Zaharra 17.00: “La chute de l’ange” (laburra), Geoffroy Barbet
Massin; “Origin”, Keiichi Sugiyama 19.45: “Right at your Door”, Chris Gorak. 22.30: “The City East its Weak” (laburra), Sasha
Whitehouse; “El almuerzo desnudo” (1991), David Cronenberg. Principe 2 17.30: “Camera” (laburra, 1997) eta “Spider” (2002), David Cronenberg. 19.45: “M. Butterfly” (1991), David Cronenberg.
Azpidatziak, euskaraz. 22.30: “Stereo” (1969) eta “Crimes of the Future”
(1970), David Cronenberg.
|