GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-10-30
«Ez gaude besterik gabe etxetik ateratzeko prest»
Ostiralean etxea uzteko agindua eman diete bizilagunei, larunbatean Pagua-Berri etxea eraisten hasteko asmoa baitute. Bertan alokairuan bizi diren Jose Mari Monroyk eta Lucinda Da Conceicaok orain lau urte jakin zuten etxea bota behar zutela. Udalarekin auzitan dira ordutik, euren baldintzetara egokitutako beste ostatu bat hitzartzeko. Etxea eraisteko egunaren bezperetan ez da inolako akordiorik.

Berrogeita hamahiru eta hirurogeita bi urte dituzte Jose Mari Monroyk eta Lucinda Da Conceicao Pintok, eta heldu den ostiralean Pagua-Berri etxean dituzten etxebizitzak utzi behar izango dituzte, larunbatean bertan eraitsiko baitute eraikina.

Ez dute zuzeneko jakinarazpenik jaso, baina etxean itsatsita jarritako kartelak argiro ematen die agindua. «Ostiralean, hilak 3, hutsik egon beharko du etxeak, hilaren 4an eraitsi egingo baitute», dio kartel horrek. Jose Mari jaio zenetik bizi da bertan, eta Lucindak, berriz, 36 urte daramatza etxe horretan bizitzen, alokairuan. Inork erremediorik jartzen ez badu ostiralean kalean geratuko dira biak.

Arazoa 2002an hasi zen, Astigarragako Udalak Pagua-Berri etxea dagoen eremuan hirigintzako proiektu bat egin behar zutela iragarri, eta, beraz, etxea eraitsi behar zietela jakinarazi zietenean.

Hitzarmena udalarekin

Rosa Mesquita Lucindaren alabak azaldu duenez, hasieratik «mezu lasaigarria» helarazi zieten bizilagunei, beste etxe batean ostatu emango zietela esan baitzieten. Izatez, orduko alkateak hitzarmen bat sinatu zuen lanen sustatzaileekin, zeinetan Udalak bizilagunei berriz ostatu emango zietela batzen zen. Hitzarmen hura 2002ko ekainaren 21ean osoko bilkuran onartu zuten. Zehazki, herrian egingo zuten hurrengo Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) promozioan bi etxebizitza gordeko zitzaizkiela hitzartu zuten, erosteko edota alokatzeko eskubidearekin.

Hala, eta hitzartutakoari jarraituz, babestutako etxebizitza horiek egin zituztenean bi etxebizitza gorde ziren, baina soilik erosteko aukera eman zieten Pagua-Berriko bizilagunei. «Ez Lucindak ez Jose Marik ez zituzten BOE bat erosteko eskatzen diren gutxiengo baliabide ekonomikoak betetzen, eta, hori dela-eta, Udalari proposatu zitzaion horiek erostea eta ondoren alokairuan ematea Pagua Berriko bi bizilagunei», esan du Lucindaren abokatu Teresa Ezcurrak. «Astigarragako Udalak ez zien kaltetuei erantzun, eta, haiei jakinarazi gabe, erreserba deuseztatu eta zozketara atera zituen BOE guztiak, kaltetuei inolako alternatibarik eman gabe», adierazi du Ezcurrak.

2008ra arte etxerik ez

Ostaturik eskaini gabe etxetik ateratzeko asmorik ez dutela ikusirik, Udalak aurten jakinarazi die hurrengo BOE promozioan bi etxebizitza hartuko dituela eta alokairuan eskainiko dizkietela, baina bizilagunak ez dira fio. Gainera, etxebizitzok ez lirateke prest egongo 2008 urtea baino lehen, eta ordura arte non bizi behar duten galdetzen dute bizilagunek.

Mesquitak azaldu duenez, Udalaren proposamena alokairu kontratua eteteagatik jasoko duten diruari uko egin eta diru horrekin alokairuzko etxebizitza bat hartzea izan da. «Amak ezin du Astigarragan dagoen alokairu merkatura joan, etxeak oso garesti daude eta dituen errekurtsoekin ezin die aurre egin. Gainera, suposatzen da alokairu kontratua eteteagatik emaniko dirua trasladoa egin eta denbora horretan altzariak gordetzeko behar duela. Azken batean, Udala izan da sinatutako hitzarmen bat errespetatu ez duena», kritikatu du Mesquitak.

Iskanbilak iskanbila, eta kasua auzibidean badago ere, Udalak epaile batek eman duen desalojo agindua du eskuartean, eta heldu den ostiralean etxetik atera beharko dute. «Gu ez gaude etxea dagoen tokian hirigintza proiektua gauzatzearen kontra, baina, agindu ziguten moduan alternatiba bat eman behar digute, gainerakoan ez gaude etxetik ateratzeko prest», azaldu du Rosa Mesquitak, eta zera gaineratu du: «Ez dago eskubiderik pertsona hauei pasarazten ari zaiena pasarazteko». -

ASTIGARRAGA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Quieren mantener a los presos así y que nadie se posicione en contra»
Mundua
Lula arrasa en la segunda vuelta y seguirá liderando Brasil los próximos cuatro años
Kirolak
Insatisfacción y justicia a partes iguales
Kirolak
La mejoría fue importante, pero no resultó suficiente
Euskal Herria
Nazio Eztabaida abre un «auzolan» para superar los déficits del país
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss